Jokin Alzibar Ibarzabal da Etxebarriko EH Bilduren alkategaia
Koalizioak jakinarazi du Jose Karmelo Ibarluzea Aranbarrik ordezkari eta bozeramaile izateari utzi diola. Zerrenda osatzeko pertsonak izendatzeko prozesua martxoan egingo dute.
Alzibarrek 30 urte ditu eta Industria Automatika eta Elektronika ingeniaria da, eta bera izango da maiatzean ospatuko diren udal hauteskundeetarako Etxebarriko EH Bilduren zerrendaburua. Alzibarrek Fagor Arrasate kooperatibak Etxebarrian daukan lantokian lan egiten du, puntuan jartzeko teknikari elektriko lez. Aurtengo hauteskundeetan zerrendaburu izango bada ere, azken agintaldian ere EH Bilduren taldeko kide izan da.
Etxebarriko EH Bilduk zerrendaburua aukeratzeko barne prozesua egin du urtarrilaren 28tik otsailaren 4ra arte. “Prozesu parte hartzaile horretan hiru pertsona proposatu ziren. EH Bilduko ordezkari batek hautagai guztiekin hitz egin zuen, eta hiruren artean Alzibar izan zen erronkari heldu eta prozesuan aurrera egiteko konpromisoa hartu zuen bakarra”. Dena dela, beste bi hautagaiak ere Alzibarregaz batera udal taldea osatzeko gogotsu agertu direla esan dute, “alderdiaren oinarri sozialak hala erabakitzen badu behintzat”.
Hauteskunde zerrenda osatuko duten pertsonak proposatzeko eta izendatzeko prozesua martxoan egingo dela gaineratu dute. “Alkategaia aukeratzeko moduan egin den moduan, bigarren fase horretan parte hartzeko ere ezinbestekoa izango da EH Bilduren barne erroldan izena ematea“.