Ondarroako IV. Kantu Bazkariak 80 lagun inguru batu ditu
Aurten, estreinako, Alde Zaharrean batu dira kantuzaleak, eta herriko erdigunea musikaz girotu eta gero, Zubi Zahar herri ikastolaren jantokian bazkaldu dute.
Beste behin ere Angel Mariezkurrena abeslariaren gidaritzapean aritu dira kantuan Ondarroan 80 herritar inguru; ondarrutarrak ez eze, inguruko herrietako bizilagunek ere parte hartu dute ekintzan. Mariezkurrenagaz batera, Aitor Ibarra Jalixko (tronpeta) eta BeƱat Mitxelena (soinujolea) musikariek ere girotu dute eguerdian hasi eta iluntzera arte luzatu den ekintza musikala.
13:30ak puntuan hasi dira musikariak lehenengo doinuak eskaintzen Alde Zaharrean, Zubi Zaharraren ondoan. Eta ordurako han bilduta zeudenei kantuan hastea zer edo zer kostatu bazaie ere, Jalixkok animatuta eztarriak berotu eta kantuan hasi dira. Hegoak ebaki banizkion, Ikusi mendizaleak eta Isil-isilik dago abestiak izan dira lehenengoak, eta hortik aurrera ez da etenik egon. Kantu bazkarian parte hartzera ez zihoazen baina Alde Zaharrean lagun taldean batuta zeuden herritarrek ere kantuan amaitu dute.
Alde Zaharretik Zubi Zahar herri ikastolaraino joan dira parte hartzaileak, geldialdiak egiten. Bazkaldu eta gero, giroa gorantz joan da.