Etxebarriko eskola berria 2023rako amaituta egotea aurreikusi dute
Proiektua Hezkuntzaren 2019-2023 ekintza planean sartu du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak. "Pozik" hartu dute ezusteko albistea udal ordezkariek.
Etxebarriko eskola berria Hezkuntzaren 2019-2023 ekintza planean sartu du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak. Horrenbestez, proiektuak atzerapenik izan ezik, eskola berria inauguratuko dute etxebarritarrek 2023an. Frontoiaren ostean daukate lekua gordeta.
Joan den barikuan [otsailak 22] jaso zuten albiste ona Etxebarriko Udal ordezkariek, Manuela Zubizarreta Eskolako zuzendariak eta ikasketa arduradunak eta Guraso Elkarteko kideek. Ana Serri Bizkaiko Hezkuntza ordezkaria eta Jon Zuazo Hezkuntza Saileko baliabideen arduradunaren bisita eduki zuten, eta aurten hasiko duten bost urtetako ekintza planaren barruan zeudela azaldu zieten. “Espero ez genuen berri pozgarria izan da. Lan asko aurretik eginda eduki ditugu, eta eskola eraikitzeko gurekin hartuta zeukaten konpromisoa aurreratu egin dute”, azaldu du Jesus Iriondo Etxebarriko alkateak.
Izan ere, urteak daramate etxebarritarrek eskolarako eraikin berri baten eskaria egiten, eta lehen onespena jasota, aurrelan guztiak egiten saiatu da Etxebarriko Udala eskolaren proiektua lehen bait lehen egin ahal izateko. Hori dela uste dute datozen bost urteetako ekintza planean sartu izanaren arrazoia. “2010ean txosten bat ekarri zigun Jon Zuazok, eta ordutik, eskola egingo den lursailaren birkalifikazioa egin ahal izateko pauso guztiak eman ditugu”.
Besteak beste, 2015ean eskola egiteko aurreikusita daukaten lursailaren birkalifikazioa egin ahal izateko obrak egin zituen Etxebarriko Udalak Urkaregi ibaian URAren laguntzagaz. Zubia zabaldu eta erreka leheneratu zuten lur horretan eskola egoteko aukera edukitzeko. “Luze joan da, baina bide batez ekintzak egiten joan gara eta horrek eragin du aurrerapena”.
Lurrak kalifikatzeko lanak eginda, Eusko Jaurlaritzaren esku geratuko da orain, proiektua. “Eraikinaren proiektua eta urbanizazioa diseinatu eta egingo du Jaurlaritzak; udalak, berriz, zerbitzuak eramango ditu bertara”. Haurreskola eraikinaren barruan ala kanpoan joango den ere erabakiko dute.
“Pauso asko ematen joan dira, eta azkenean lortu da. Urbanizatze lanak ahalik eta arinen egitea izango da orain udalaren zeregina, proiektua eduki bezain laster eraikitzen hasi ahal izateko”, esan du Kepa Castillo EH Bilduko zinegotziak. Aurtengo aurrekontuetan azterketa ekonomiko bat egitea eskatu du Etxebarriko koalizioak eskola berriak eta bere urbanizazioak izango lituzkeen gastu ekonomikoak jakiteko, eta hurrengo urteetan udalaren helburua urbanizazioa egitea izango dela azaldu du Castillok, “lursaila prest edukitzeko”.