Jone Antsotegi Ikazuriaga izango da Aulestiko EH Bilduren alkategaia
Bi agintaldiren ostean, Mikel Antsotegi Jaiok Aulestiko EH Bilduren ordezkari izateari utziko dio.

Udalean agintaldi bi bete ondoren, Mikel Antsotegi Jaiok Aulestiko EH Bilduren ordezkari izateari utziko dio, eta Jone Antsotegi Ikazuriaga izango da Aulestiko koalizio ezkertiar eta subiranistaren alkategaia maiatzeko udal-hauteskundeetan.
Jone Antsotegik 26 urte ditu, eta Bizkaiko Bertsozale Elkarteko langilea da; bertsolaritza irakasten du Lea-Artibaiko ikastetxeetan.
Koalizioak jakinarazi duenez, urrian hasi zuten alkategaia aukeratzeko prozesua. “Herri batzar bat egin eta izen batzuk proposatu ziren hasieran. Irten ziren pertsonekin egon ostean, Jone Antsotegik eman zion baiezkoa proposamenari”.
Martxoaren 9an herri batzarra egongo dela aurreratu dute, eta bertan aurkeztuko dituzte gainontzeko zerrendakideak.