Ondarru eta Isuntza goi-goian aritu dira Bizkaiko Batel Ligaren haur mailan
Bizkaiko Batel Ligaren 3. jardunaldia Sestaon lehiatu zuten, zapatuan. Asteburu honetan, berriz, Ondarroak hartuko du 4. jardunaldia.
Aurreko zapatuan Sestaon lehiatu zuten Bizkaiko Batel Ligaren 3. jardunaldia, eta Lekeitioko eta Ondarroako arraunlariak emaitza onak lortu zituzten, batik bat, haur kategorian.
Nesketan zein mutiletan bi txanda edo multzoan egin zituzten. Nesken bi multzoetan Ondarru nagusitu zen. Hain zuze ere, Ondarroak nesken hiru batel eta neskez eta mutilez osatutako bat izan zituen haur kategorian, eta Lekeitiok, bik. Multzo batean, Ondarroak 1., 2. eta 5. postuak lortu zituen, eta Isuntzak 3. eta 4. amaitu zuen. Ondarru A izan zen azkarrena, bi minutu, 34 segundo eta 48 ehuneneko markagaz; bost segundo eta 57 ehunen atera zizkion Ondarru Cri, eta hamazortzi segundo eta 55 ehunen Isuntza Ari. Beste multzoan, berriz, 5:19.70 markatu zuten ondarrutarrek. Arkote A geratu zen bigarren ( segundo bat eta hamahiru ehunenera), eta Isuntza A hirugarren (lau segundo eta 40 ehunenera).
Mutilen haur kategoriako txanda batean, hamazazpi batel aritu ziren zein baino zein gehiago, eta Ondarroatik eta Lekeitiotik bina izan zituzten lehian. Hain zuzen, Isuntzako bi taldeak izan ziren azkarrenak. Isuntza Bk 05:03.83 denboragaz irabazi zuzen estropada, eta Isuntza A 20 ehunenera geratu zen. Deustu A izan zen hirugarrena. Ondarroa A eta Ondarroa B hamargarren eta hamaikagarren sailkatu ziren, hurrenez hurren.
Beste txandan, hamabi batel egon ziren, eta Ondarru Bk egin zuen denborarik onena: 02:28,39. Isuntza A sailkatu zen atzetik, 81 ehunenera eta ondoren, Ondarru A geratu zen 10 segundo eta 67 ehunenera.
Mutilen seniorretan Isuntza seigarren sailkatu zen (ondarrutarrek ez zuten parte hartu). Zierbena A izan zen azkarrena, bederatzi minutu eta 11 ehunen eginda, eta lekeitiarrak 28 segundo eta 77 ehunenera geratu ziren.
Nesken kadeteetan hamabost batel uretaratu ziren, Ondarroako bost eta Lekeitioko bi. Kaiku Aren atzetik, bigarrena izan zen Isuntza A; lau segundo eta 44 ehunenera (Isuntza B bederatzigarrena izan zen). Ondarroako batelak 5., 7., 10.,12. eta 13. geratu ziren. Mutiletan ere hamabost batel aritu ziren lehian. Isuntzak 5. eta 6. egin zuen, eta Ondarroak 11. Kaiku A izan zen azkarrena (07:12,72), eta Bermeo A (lau segundo eta 47 ehunenera) eta Elantxobe A (hamabi segundo eta 44 ehunenera) sailkatu ziren bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren.
Hurrengoa, Ondarroan. Bizkaiko Batel Ligaren 4. jardunaldia Ondarroan lehiatuko dute, zapatu arratsaldean (martxoak 2). Ondarroa Arraun Elkarteko arduradunek aurreratu dutenez, herriko 20 bateletik gora uretaratzeko asmoa dute. Hala, karnabal zapatu arratsaldean harrobia animatzera bertaratzeko deia zabaldu dute.