Ekai Lersundiri buruzko dokumental laburraren 'teaser'-a proiektatuko dute Zinegoak jaialdian
'Mi pequeño gran samurai' dokumental laburraren lehenengo 'teaser'-a Bilboko Sarean elkartearen egoitzan egingo dute bihar [otsailak 28], 19:00etatik aurrera, Bilgune work in progress deritzon sailaren barruan.
Ekai Lersundiri buruzko Mi pequeño gran samurai dokumental laburraren lehenengo teaser-a proiektatuko dute bihar [otsailak 28] Bilboko 16. Zinegoak Gay-Lesbo-Trans Zinema eta Arte Eszenikoen Nazioarteko jaialdian. Proiekzioa Bilboko Sarean elkartearen egoitzan egingo dute 19:00etatik aurrera.
Aurkezpena, hain zuzen ere, Bilgune work in progress deritzon sailean egingo dute. Sail horretan Euskal Herrian sortzen diren LGTBIQ+ ikus-entzunezkoak aurkeztuko dituzte, tartean, Arantza Ibarra zuzendari ondarrutarrak zuzentzen ari den lana. Aurkezpenean zuzendari ondarrutarragaz batera Izaskun Arandia Izar Films ekoiztetxeko arduraduna eta Elaxar Lersundi eta Ana Martinez (Ekai Lersundiren gurasoak) ere egongo dira.
Proiektua amaitzeko asko falta bada ere, biharko aurkezpenean dokumentalari buruzko ildo nagusiak kontatu eta grabatu dutenaren zatitxo bat aurkeztuko dute. “Elkarrizketa bat proiektatuko dugu, hain zuzen, jendeak ezagutzeko zertan ari garen lanean”.
Momentu honetan sortzen ari diren lanari dagokionez, Ekai Lersundiren gurasoen eta Ondarroako lagunen elkarrizketak jaso ditu haren heriotzaren urteurrenean. Dokumentalaren gehiena Ekai Lersundiri egindako omenaldian grabatu zuten otsailaren 16an etan 17an, baina oraindik ere plano batzuk grabatzeko falta direla esan du Arantza Ibarrak. “Oraindik zatitxo batzuk grabatzea falta zaizkigu, baina gehiena grabatuta dago. Horren atzetik beste hainbat lan egin beharko ditugu, eta horretarako ere nahikoa denbora behar izaten da. Narratzailearen ahotsa sartu behar dugu, dokumentalarentzako propio musika sortzen ari dira, muntaia… “
Lana udarako amaitzea nahi du zuzendari ondarrutarrak, eta ahal izanez gero, jaialdi esanguratsuren batean aurkeztu nahi dute.