Inauteriak Lea-Artibain eta Mutrikun, herriz herri eta ekintzaz ekintza
Eguen Zuri edo Sasikoipetsu ospatu, eta datozen egunetan mozorroz eta kolore biziz jantziko dira herrietako kaleak. Askotariko ekintzez beteta dator asteburua. Martitzenera bitartean, mozorroak izango dira protagonista nagusiak.
Aratusteak, karnabalak edo inauteriak. Mozorrotzeko hitzordurako prestatuta eta gogotsu daude Lea-Artibaiko zein Mutrikuko bizilagunak.
Ikastetxeetako umeak martitzenean aterako dira kalejiran edota herrietako plaza eta frontoietan euren ikuskizunak eskaintzera. Desfileak eta lehiaketak ere ez dira faltako.
Esate baterako, Ondarroan mozorro lehiaketa antolatu dute zapaturako. Aurtengo berrikuntza izango da hori. Txirrimorraskikoek aurkeztu eta dinamizatutako lehiaketa izango da. Musika Plazan bertan izena eman beharko da, 22:30etik 23:00etara bitartean, eta taldekako eta banakako sari bana egongo dira.
Ikuskizun eta lehiaketez gain, zenbait herritan tailerrak egiteko ere aprobetxatuko dituzte datozen egunak. Mutrikuarrek sukaldari tailerra dute bariku arratsaldean (martxoak 1), Beheko Plazan, eta ziortza-bolibartarrak Artakusuak edo Txorimaloak egiten ariko dira martxoaren 9an. Hain zuzen ere, urtero legez, Ziortza-Bolibarren inauteriak amaitu eta hurrengo asteburuan ospatuko dituzte. Zapatu arratsaldean (martxoak 2) txitxiburduntzia ere egingo dute. Berriatuarrek, markina-xemeindarrek eta munitibartarrek, ostera, bariku arratsaldean egingo dute (martxoak 1).
Aulestin eta Etxebarrian zapatuan (martxoak 2) batuko dira ume, gazte zein helduak. Aulestiarrak eguerditik gauera arte mozorroak kendu barik egongo dira. Kalejiragaz hasi eta kuadrillen antzezpena egingo dute lehenengo. Eguerdian Mariano Jatetxean bazkaldu eta arratsaldean frontoira hurbilduko dira umeak, jolas parkean ondo pasatzeko asmoz. Iluntzean, berriz, EinGOren musikagaz girotuko dira. Etxebarrian arratsalde pasa ederra egingo dute. Trikiti doinuak lagun aterako dira frontoitik kalejiran. Aurten, afari-merienda egin aurretik, Antzar rockeroa ikuskizuna aurkeztuko dute.
Lekeitioko eta Markina-Xemeinengo bizilagunek ere ez dute aspertzeko astirik edukiko egunotan. Lekeitiarrak, adibidez, barikutik martitzenera arte kalejiran aterako dira egunero. Markina-xemeindarrak eguenean (otsailak 28) hasiko dira herriko kale eta txokoak apaintzen.