Ondarroako Udalak Bizkaibus zerbitzuan hobekuntzak eskatu ditu
Besteak beste, 3916 lineako azken irteeran geldialdi bat gehitzea, pantaila digital bat, Bilbora doan zuzeneko zerbitzu berri bat eta Errenterian markesina konpontzeko eskatu du Ondarroako Udalak.
Garraio publikoan zerbitzu hobea lortzeko asmoz, Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga alkateak hainbat eskaera zuzendu dizkio Vidal Martinez Bartolome Bizkaiko Foru Aldundiko garraio eta mugikortasun zuzendari nagusiari. Eneritz Basurko Pagoaga zinegotzia eta alkatea zuzenean bertaratu ziren martitzenean [otsailak 26] Bizkaiko Foru Aldundiko egoitzara eta bilera egin ostean eskaera erregistratu zuten.
Lau eskakizun erregistratu ditu udalak. Alde batetik, 3916 (Ondarroa-Ermua-Bilbo) lineako autobusaren 20:30eko azken irteeran geldiadi bat gehitzeko aukera eskatu dute. Izan ere, autobusak lineako azken geldiadia portuan egin ostean garajera abiatzen da, eta tarte horretan, Portutik Kamiñazpirako bidean geldiadi bat gehitzeko aukera eskatu dute, Kamiñazpiko bizilagunen beharra asetzeko.
Era berean, Kamiñazpiko autobus geltokian pantaila digital bat jartzea ere eskatu dute, herritarrek autobusari ailegatzeko zenbat denbora falta zaion jakin dezaten. Bestalde, Ondarroan, Berriatuan eta Markina-Xemeinen geldiadiak egin ostean Bilbora zuzenean doan linea zerbitzu berri bat gehitzea ere eskatu dute, herritar gehien ibilitzen diren orduetan. Azkenik, Errenteria auzoan dagoen markesina bakarra konpontzea eta bigarren geltoki berri bat jartzea eskatu dute.