Ondarroako Yaalah elkarteak 3.000 kilo elikagai batu ditu Saharara bidaltzeko
Astelehenean bidali zuten kaxez bete-bete egindako furgoneta Bilbora. Martxoan irtengo du karabanak errefuxiatuen kanpamenduetara.
Ondarroako Yaalah elkartea Sahararen aldeko 15. Euskal Karabanarako janari bilketa egiten aritu da azken asteotan, udalagaz batera elkarlanean. Bilketa aurreko barikuan [otsailak 22] amaitu zuten, eta eman dituzten datuen arabera, denetara 3.000 kilo inguru jaso dira Ondarroan.
Kopuru aldetik asko batu dela nabarmendu dute elkarteko kideek; izan ere, aurreko aurtean batutakoa baino “dexente gehiago” jaso dute. Hori dela eta, bilketan parte hartu duten herritar guztiei eskerrak eman nahi izan dizkiete. “Jendearen erantzuna oso ona izan da; oso eskuzabalak izan dira. Eskerrak eman nahi genizkieke bereziki herriko lau ikastetxeei, herriko dendariei, komunikatiboki informazioa zabaltzen lagundu diguten hedabideei (HITZA, Turrune!…), eta nola ez, bilketetan boluntario ibili diren herritar guztiei”. Arraun elkarteari ere aipamen berezia egin nahi izan diote furgoneta uztearren.
Batutako guztia astelehen [otsailak 25] arratsaldean eraman zuten Bilboko Deustuko biltegira arraun elkarteak lagatako furgonetan. Bertan gainontzeko herriekin batu, eta martxoaren 3an Tindufeko (Aljeria) saharar errefuxiatuen kanpamenduetara abiatuko den elkartasun karabanarekin bat egiteko.