Saia Goait talde mutrikuarrak kontzertua emango du Mutrikuko Gaztetxean
Talde mutrikuarrarekin batera Vulk talde bilbotarra eta DJ Wendi igoko dira gaztetxeko oholtzara. Hitzordua barikuan [martxoak 1] 22:30ean ipini dute.
Saia Goait taldeak mutrikuarrak kontzertu berezia emango du barikuan [martxoak 1] 22:30etik aurrera Mutrikuko Gaztetxean. MRK-ko laukoteak disko labur bat grabatu nahi du ekainean, eta kontzertuan batutako dirua estudioko lehen lana grabatzera bideratuko dutela nabarmendu dute. “Kontzertu honetan eta hurrengo egunean inauteri jaiaren aitzakiarekin egingo den jaian tabernatik aterako dugun diruarekin gure lehen lana grabatu nahiko genuke uda hasieran. Talde asko crowfunding-ak egiten hasi dira, baina guk sarreraren diruaren truke kontzertu bat ematea erabaki dugu”.
Saia Goiait Mutrikun sortutako laukotea da. Denis Alberdi (bateria), Beñat Perales (ahotsa), Jon Antxustegi (baxua) eta Aitzol Urkizak (gitarra eta ahotsa) osatzen dute taldea, eta denek ere musika munduan eskarmentu handia dute; hainbat taldetan jardundakoak dira (Keike, Xarma, Kraussk, Karenka…). Stoner rock eta hard rock-aren zurrunbiloan ahots melodiko eta guturalak gailentzen dira euren soinuan.
Dozena bat kontzertu eman dituzte azken asteotan, eta Mutrikun bigarren zuzeneko bizi eta zuzenak eskaintzeko gogotsu datoz. Hainbat kantuz osatutako errepertorio berezia prestatu dute kontzertura hurbiltzen direnekin elkarbanatzeko. Talde mutrikuarrarekin aurretik, bestalde, Erresuma Batuko post punk eta AEBetako 90. hamarkadako indie alternatibo soinuen eragin argiak dituzten Vulk talde bilbotarreko kideak igoko dira oholtza gainera. Jaialdiari amaiera DJ Wendi (Endika Lekube) mutrikuarraren kantu dantzagarriek emango diete.
Gaztetxeko ateak 22:00etan zabalduko dira, eta momentu horretatik aurrera erosi ahalko dira sarrerak. Txartelak 5 euroren truke egongo dira salgai.