Lea-Artibaiko bolariek Gipuzkoako 50. Hiru Txirlo Txapelketa jokatuko dute
Zapatuan hasiko da jokoan Gipuzkoako Txapelketa bola joko botaldi bereziagaz. Aretxabaletan dute hitzordua, 17:00etan.
Gipuzkoako Hiru Txirlo Bola Joko Txapelketaren 50. urteurrena ospatuko da aurten, eta horren harira, ohiko txapelketagaz gainera, bola joko txapelketa bereziak ere izango dituzte aurten, gipuzkoako taldeek. Hiru txapelketa jokatuko dira, hain zuzen: betiko formatua daukana (9 jaurtialdi eta Lehendakari Saria), hiru bariku gauetan jokatuko dena (banaka eta hiru bolariko taldetan), eta beste lau botaldi izango dituen txapelketa berezia. Txapelketa berezi horregaz hasiko da bola biraka, asteburu honetan, Aretxabaletan.
Lea-Artibaiko bolariek ere parte hartuko dute txapelketan zein botaldi berezietan. Iaz bezala Bizkaiko talde baten faltan, Gipuzkoako taldeen magalean jokatuko dute eskualdeko bolariek. Jakitera eman dutenez, Itziarko Lasturko taldeagaz, Elgetakoagaz eta Bergarako San Joxepegaz ariko dira jokoan; 15 bat bolari egongo dira talde bakoitzean.
Zapatuan [martxoak 2], 17:00etan, hasiko da txapelketa berezia Aretxabaletan. Lau botaldiak hauek izango dira: Aretxabaletan jokatuko dena, maiatzaren 18an Lasturren (Itziar) lehiatuko dena, irailaren 21ean San Migelen (Elgoibar) egingo dena eta abenduaren 15ean Leintz Gatzagako bolatokian izango dena.
Sari handiak. Txapelketa orokorrean bezala, norgehiagoka berezi horretako jardunaldi bakoitzean sei sari banatuko dituzte: 65 eurokoa lehenengoarentzat, 50 eurokoa bigarrenarentzat, 35 eurokoa hirugarrenarentzat, 20 eurokoa laugarrenarentzat, 10 eurokoa bosgarrenarentzat eta ustekabea seigarren geratzen den bolariarentzat. Horrez gain, sari bereziak egongo dira lau botaldi berezietan txirlo gehien jotzen dituzten lehen hirurentzat: 500 euro lehenengoarentzat, 300 euro bigarrenarentzat eta 150 euro hirugarrenarentzat.
Bestalde, apirilaren 27an Asola Berrin (Eibar), maiatzaren 25ean Elgetan eta ekainaren 1ean san Migelen (Elgoibar) jokatuko da bariku gauetako txapelketa. Tiraldiak 22:30ean hasiko dira, eta bolatoki bakoitzean hiru jaurtialdi botako dira. Partiden prezioa kasu horretan euro batekoa izango da eta gabe bakoitzean ez da saririk egongo. Ostera, txapelketako irabazleak garaikurra eta 50 euro eramango ditu eta talde onenak hiru pertsonako otordu bat lortuko du Belaustegi jatetxean.
Ohi bezala, tiraldiak ordu bete lehenengo hasiko direla jakitera eman dute antolatzaileek.
Gipuzkoako 50. Hiru Txirlo Bola Joko Txapelketako EGUTEGI OSOA.