Giro hobeezinak lagunduta ospatu dituzte inauteriak Markina-Xemeinen
Lantzeko inauteriak, txistulariak, txaranga, zaldi zinta jokoa, Zerutxuren dantzak eta mozorroen kalejiragaz gozatu dute herritarrek asteburuan.
Zapatu eguerdian [martxoak 2], Lantzeko inauteriekin hasi ziren kaleak kolorez eta alaitasunez betetzen, eta domeka gauean [martxoak 3] Jainaga eta Narbaizaren doinuekin dantzan eman zieten amaiera ospakizunei.
Zerutxu Dantza Taldeko dantzariek eta zanpantzarrek algara eta danbada hotsekin zabaldu zuten giroa herri osora zapatuan. Azken urteetan egin bezala, Xemeindik heldu ziren Zelai ingurura eta alde zaharretik eta inguruetatik ibili ziren kalejiran eta dantzan, jantzi koloretsuak soinean zituztela.
Domeka goizean txarangaren doinuek animatuta irten ziren kalera herritarrak. Eguerdi parterako era guztietako pertsonaiez beterik zegoen alde zaharra eta Zelaia. Zaldi gaineko zinta jokoak erakarri zuen publikoa hasteko. Lau zaldizkok parte hartu dute aurten, lehiaketa berezian, erakustaldi dotorea eskainiz: Markina-Xemeingo bik, Iñaki Armaoleak eta Eider Guenagak, eta Elorriotik etorritako Maialen Agirrek eta Bittor Kapelastegik. Animorik ez zuten falta izan lau parte hartzaileek. Hala ere, Iñaki Armaoleak bere beterania erakutsi zuen zinta gehien harrapatzea lortuz.
[ARGAZKI GALERIA ZUZENEAN IKUSI]
Zelan ez, kalerik kale ibili da, aurten ere, Hartza. Panderoaren doinuagaz dantzan egin eta ihes egiten ere saiatu da, betiko legez, herritarrak beldurtu nahirik. Beragaz batera ibili ziren Zerutxuko dantzariak Zaragi dantza dantzatzen. Gaztetxo eta nagusiagoek eskaini zuten erakustaldia Zelaian eta Arkupe aurrean.
Mozorroak. Aurten ere gogotsu ibili dira markina-xemeindarrak, eta originaltasun eta irudimenik ez zen falta izan. Esate baterako, hondartza ekarri zuten Arkupera surflariek, olatu handi, sorosle eta surf zein windsurf taula eta guzti, oilotokia bat ere egon zen, Regreso al futuro filmeko autoa aparkatu zuen ondoan Doc ikertzaileak, eta batetik bestera zenbiltzan, besteak askoren artean, monjak euren aitorlekuagaz eta Markina d’or ere oporretan etorritako turistak ibilgailuagaz. Sirenatxoa, elurrezko panpinak, Son goku, zirkua, musika kutxak, motoristak…
18:30ean eman zituzten mozorro lehiaketako sariak Arkupe aurrean. Epaimahaia Herriko guraso elkarteko kideek, Hemen be bai merkatari elkartekoek eta udal ordezkariek osatu zuten, eta ez zuten erabakia erraz eduki. Hauek izan dira aurtengo sarituak:
- Gaztetxoak bakarka edo talde txikietan:
1. Regreso al futuro
2. San Mames
3. Sirenatxoa
- Gaztetxoak taldeka:
1. Musika kaxak
2. Pizzeroak
3. Zirkua
4. Moteroak
5. Rugbi jokalariak eta animatzaileak
6. Erdi Aroa
7. Munduko dantzak
- Nagusiak bakarka edo talde txikietan:
1. Txanogorritxo eta amona otsoa
2. Urre bilatzaileak
3. Edur panpinak - Nagusiak taldeka:
1. Markina D’or
2. Surferoak
3. Oiloak
4. Son Goku
5. Monjak
6. Gabonetako arbolak
7. Marasmak