Imanol Pradalesek Arropaingo obren emaitzak ikuskatu ditu
Arropain auzoko errepidean ibilgailuen abiadura moteldu eta oinezkoen segurtasuna bermatzeko lanak egin dituzte Ispasterko eta Lekeitioko Udalek, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzagaz.
Arropain auzoan dagoen BI-2405 errepidean egin dituzten lanen emaitza ikusteko elkartu dira gaur goizean [martxoak 4] auzoan bertan, Imanol Pradales Ekonomia eta Lurralde Garapena Sustatzeko foru diputatua, Jon Larrea Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako zuzendaria, Garbiñe Saenz de Buruaga Ispasterko alkatea eta Koldo Goitia Lekeitioko alkatea, beste zinegotzi eta ordezkari batzuekin lagunduta. Hiru erakundeen artean ia 300.000 euroko obra egin dute herri bietatik igarotzen den errepidea hobetu eta segurtasuna bermatzeko.
Bizkaiko Foru Aldundiagaz adostutako hitzarmenari esker, historikoa izan den arazo bati irtenbide bat eman zaiola nabarmendu du Ispasterko alkateak, “ibilgailuen abiadura dela eta, bertako auzokoentzako eta oinezkoentzako arazo bat zen segurtasun faltari “. Ispasterri dagokionez, 158.000 euro inguru jaso dituztela azaldu du Garbiñe Saenz de Buruagak, eta horregaz, Ispasterko Udalak errepide zati hori bereganatu duela zehaztu du: “udal errepide bihurtzera pasatu da”. Diru kopuru horregaz gain, beste 50.000 euro inguru ere inbertitu ditu udalak auzokoek egindako eskariei erantzuten. “Espaloietako lauzak aldatu ditugu, telefonia eta argiteria hodiak lurperatu eta euri urak bideratzeko hodiak jarri ditugu. Hiru administrazioen lanari eta inplikazioari esker egin ahal izan dugu lan guzti hauek”.
Lekeitioko lurzatian dagoen tartea ere hartu dute lanek. %30 dira Lekeitioko lurrak eta kopuru hori izan dute obraren kostua ere. Lekeitio azken urteetan, eraztun berdea osatzen ari dela azaldu du Lekeitioko alkateak, eta tarte horretan hobekuntzak eginda eraztun hori osatzen jarraitzen dute. “Gaur hasten dira Santa Katalinako obrak ere, espaloia egingo dugu han ere. Arropaingo zati honek eskaera handia zeukan. Beraz, espaloia egitea planteatu genuenean, Lekeitioko zatiagaz gainera, Ispasterkoa ere egitea proposatu zigun aldundiak, eta bakoitza bere aldetik lanean ibili barik, hirurok elkarlanean osatzea”. Koldo Goitiak gaineratu duenez, lehengo saihesbideko lurren gaineko izapideak ere egiten ari dira aldundiagaz. “Gernikarantz dagoen bide zaharrean ere jende asko ibiltzen da oinez, eta gure asmoa da han ere jarduera batzuk egitea eraztun berdea osatzeko asmoz”.
Ispasterrentzako eta Lekeitiorentzat ona dena Bizkaiarentzat ere ona dela nabarmendu du Imanol Pradales foru diputatuak. Osotasun batetik ikusi zuten obra, eta horretarako akordio batera heldu ziren, orain dela ia bi urte, Ispasterko eta Lekeitioko Udalekin. “Bizkaiko Foru Aldundiak egin nahi izan duena laguntzea izan da. Gauzak ondo joan ziren lehen momentutik eta dirua mahai gainean jarri genuen obra egiteko. Nire ustez hobekuntza denontzako izan da ona, hemen berreskuratzen delako alde batetik, errepide on bat, eta bestetik, segurtasuna herritar guztientzat”.
Arropaindik ibilgailu asko igarotzen direla aitatu du diputatuak, hori dela eta bi aldeetan espaloi zabalak jarri dituzte, “abiadura moteltzea eta hemengo auzokide guztientzako segurtasuna lortzea garrantzitsua zen; errepidea gurutzatzen zuten oinezkoek, eta hori ez zen segurua”. Udal bakoitzak beste lan batzuk egiteko ere baliatu dituela obrak gaineratu du. “Momentu honetan geratzen dena denontzako da ona eta hori da balio erantzirik handiena. Horretarako gaude erakundeok eta erakundeetan gaudenok, gauzak konpontzeko, konponbideak bilatzeko eta guztion arteko lankidetza garatzeko”.
Hurrengo lanak, Urberuagan. Ekonomia eta Lurralde Garapena Sustatzeko foru diputatuak jakitera eman duenez, datorren hilean bertan hasiko da aldundia Markina-Berriatua bitarteko bigarren tartea egiten, datorren apirilaren lehenengo hamabostaldian, hain zuzen. Lanak zeinek egingo dituen erabakita daukate, inbertsioa 4,3 milioi eurokoa izango da, eta 20 hilabete iraungo dute lanek. “Gauza asko egin behar dira, batetik segurtasuna hobetu, ikusgaitasun arazo ikaragarria dago eta Gorabide parean, Plazakolan. Espaloiak egingo ditugu toki askotan, eta autobusentzako bi geltoki berritu eta hirugarren berri bat jarriko dugu”. Errepidearen zabalera ere handituko dutela azaldu du Pradalesek, peralteak ere aldatuko dituzte eta bihurgune batzuk kendu. “Batez ere Ondarroa, Berriatua eta Markina-Xemeingo bizilagunentzako obra garrantzitsua izango da”.