Artedramako ikastaroetan parte hartzeko leku guztiak bete dira
Hamalaugarrenez egingo duten topaketaren barruan, hamalau ikaslek egingo dituzte ikastaroak.
Apirilaren 22tik 27ra sormenez beteko da Aulesti. Hamalaugarrenez egingo dute Artedrama, eta beste behin, arte eszenikoa izango da protagonista.
Urtero legez, emanaldiak eta ikastaroak uztartuko ditu euskal laborategiak. Otsailaren 18an zabaldu zuten ikastaroetan parte hartzeko epea, eta dagoeneko kopurua bete dute. Hala, hamalau ikaslek parte hartuko dute, eta aurten, gainera, irakasle berriak izango dituzte. “Irakasle horiek lehenengoz ariko dira ikastaroak ematen, izena eman duten ikasleen artean, ordea, askok errepikatu egingo dute”, azaldu dute Artedramako arduradunek. Laida Azkona, Laura Penagos, Getari Etxegarai, Estitxu Zaldua eta Iraia Elias ariko dira irakasle lanetan. Hain zuzen, arte eszenikoen alorrean emakumeei ikusgarritasuna eman asmoz erabaki zuten irakasle guztiak emakumeak izatea.