Emakumeak eta gerra zikloa, Markina-Xemeinen
Emakumeek gatazka guneetan daukaten presentziaz ariko dira zikoaren baitan. Irakurleen txokoa eta emanaldiak egongo dira.
Zinema eta literatura batuko dituen zikloa antolatu dute Markina-Xemeingo Herri Bibliotekak eta Uhagon kulturguneak Emakumea eta gerra gaia oinarri hartuta. Euskerazko zein gaztelaniazko irakurleen txokoetan landuko dute gaia, alde batetik, 20115ean Nobel Literatura saria lortu zuen Svetlana Alexievich idazlearen Gerrak ez du emakume aurpegirik lana irakurrita. Zineforumak eta emanaldiak borobilduko dute egitasmoa.
Emakumeek gatazka guneetan daukaten presentziaz ariko dira, emakumeen eskuhartze eta zereginak ikusaraziz. Svetlana Alexievichen lanean esate baterako, orain arte aintzat hartu ez den gerraren ikuspuntu bat azaltzen da: bigarren mundu gerran borrokatu zuten emakumeena. Liburua irakurrita, martxoaren 14an hausnartuko dute gaiaren inguruan, herri bibliotekan egingo diren irakurle txokoko bi saioetan, 17:00etan gaztelaniazkoan eta 19:00etan euskerazkoan.
Pelikulen emanaldiei dagokionez, bihar [martxoak 7] izango de lehenengoa 18:00etan, kultur aretoan. Erik Poppek zuzendutako Mil veces buenas noches (2013) filma emango dute, Gerran dagoen lurralde batean lan egiten duen emakume fotokazetari baten arazo emozional eta familiarrak azaltzen dituen filma. Martxoaren 15ean, bestalde, Atiq Rahimi zuzendariaren La piedra de la paciencia (2012) ikusi ahalko da. Film horretan, Afganistango emakume batek bere amets, nahi, sentimentu eta sekretuak kontatzen dizkio koman dagoen senarrari, kaleetan gatazkak eta liskarrek jarraitzen duten bitartean. 18:00etan hasiko da emanaldi hori ere.