Ispasterren sorrerari buruzko lehen ekitaldia egingo dute asteburuan
Ispaster sortu zutela 500 urte beteko dira, eta horri buruzko azalpenak emango dituzte Javier Enriquez Fernandez eta Enriqueta Sesmero Cutanda historialariek.
Ispasterko Udalerria eratu zutenari buruzko informazio gutxi dago, dokumentuak arakatzen aritu da udala, eta Lekeitio izeneko argitalpen batean Javier Enriquez Fernandez eta Enriqueta Sesmero Cutanda historialariek idatzitako artikulua topatu zuten. Bertan agertzen denez, Ispaster, Mendexa, Amoroto eta Gizaburuaga Lekeitioren barne zeuden, elizateak ziren, baina, orain dela 500 urte herri izaera hartu zuten. Honakoa idatzi zuten aipatu bi historialariek: “1519an, gatazkan sarturiko lau herrien elizak parrokiak bihurtu ziren, honek elizate horiek udalerri berjabetzat konfirmatuz”.
Hori horrela, Ispasterko Udalak 500. urteurrenari buruzko zenbait ekitaldi egitea erabaki zuen, eta horietan lehenengoa domeka honetan (martxoak 10) egingo dute. Meza ostean, kapilla aurrean elkartuko dira. Gernikako Arbolaren kimu bat landatu eta aurreskua dantzatuko dute lehendabizi, eta ondoren, Enriquez eta Sesmero historialarien ahotik jasoko dituzte udalerriaren sorrerari buruzko azalpenak.
Datozen hilabeteotan Ispasterko historia, ohiturak, inguruak eta abar herritarren artean zabaldu asmoz beste hainbat ekintza antolatuko dituztela jakitera eman dute.
GarbiƱe Saenz de Buruaga alkateak azaldu du aipatu bi historialariekin harremanetan jarri zirela, eta udalaren interesa ikusita, eurak Ispasterko sorrerari buruz gehiago ikertzen hasi zirela, gaian sakontzen: “1519. urtea ikusi genuenez, pentsatzen genuen aurten zela 500. urteurrena. Eurekin berba egin eta gure eskariaren ondoren, ikertzen hasi ziren. Eta datazio horretan konturatu dira, lehen ez zela urtea urtarrilean hasten. Aste Santuagaz batera, edo gizakunde edo haragitzeagaz bat eginez hasten zen, beraz, martxoan edo hasiko lukete urtea. Ondorioz, urteurrena, berez, datorren urtean litzateke. Hala ere, hau guztia historialariek azalduko digute domekan”.