Lea-Artibai eta Mutrikuko zortzi pilotari, II. Emakumeen Zesta Txapelketako finaletan
18 bikotek parte hartu dute, emakumeen zesta puntari bultzada eman asmoz, Berriatuko Zesta Eskolak eta Berriatuko Udalak bigarren urtez jarraian antolatutako txapelketan.
II. Emakumeen Zesta Txapelketaren finala jokatuko da zapatuan [martxoak 9] Berriatuko Mendibarren frontoian. 17:00etan hasiko da jaialdia kinielekin, eta ondoren hiru mailetako finalak jokatuko dira. Lea-Artibai eta Mutrikuko pilotariak daude final guztietan, Markina-Xemein, Mutriku zein Berriatukoak, zortzi, hain zuzen.
Antolatzaileek aurreratu dutenez, bi kiniela jokatuko dituzte txapelketan parte hartu duten pilotariek. Lehenengo kiniela 3. mailako nesken artekoa izango da eta bigarrenean, 2. mailako neskak parte hartuko dute. Horren ondoren erabakiko dira finalak.
Lehen mailan Mara mutrikuarra eta Janis markina-xemeindarra eta Malen eta Amaia bikote markina-xemeindarraren arteko neurketa egongo da. Bigarren mailan, berriz, Miren eta Maddi markina-xemeindarrak Gasteizko Izaro eta Markina-Xemeingo Erikaren aurka ariko dira. Hirugarren mailan, ostera, Maddi tolosarra eta Esti berriatuarra eta Maite (Gasteiz) eta Naroa (Donostia) bikoteak lehiatuko dira garaipena lortu asmoz.
18 bikotek parte hartu dute guztira, emakumeen zesta puntari bultzada eman asmoz, Berriatuko Zesta Eskolak eta Berriatuko Udalak elkarlanean, bigarren urtez jarraian antolatutako txapelketan. Urtarrilaren erdi aldera abiarazi zuten txapelketa, eta hiru kategoriatan banatuta jokatu dute pilotariak: gorengo mailan zortzi bikote neurtu dira, bi taldetan banatuta, A eta B, bigarren eta hirugarren kategorietan, ostera, bosna bikote aritu dira bakoitzean.
Herrialde Katalanetako bikote bik parte hartu dute, euskaldunei dagokienez, ondoko herrietakoak izan dira pilotariak: Gasteiz, Tolosa, Donostia, Zumaia, Mutriku, Markina-Xemein, Durango, Berriatua, Zamudio eta Sopela.
Finalak ikustera joateko gonbitea luzatu dute antolatzaileek.