Lekeitioko trinketeko Beteranoen Eskupilota Txapelketak baditu finalistak
Astigarragak eta Gandiaga II.k 30-9 irabazi zuten azkenaurreko lehen partida, eta Beraza eta Telleria 30-27 nagusitu ziren bigarrenean.
Domekan [martxoak 3] lehiatu ziren azkenaurrekoetako bigarren partiduak, eta aurreikuspenek agindu bezala, faboritoek egin dute aurrera, nahiz eta batzuk zailtasunak eduki. Finalak martxoaren 24an jokatuko dira.
Ligaxkako irabazleek ez dute oraingoan ere hutsik egin. Astigarragak (Deba) eta Gandiaga II. k (Berriatua) partidu serio bat jokatu zuten, eta aukerarik ere ez zieten eman Jaunarena (Garzaron) eta Fosterri (Lekeitio). Erraz gainditu zituzten lekeitiarra eta nafarra, 30-9. Atzean dominatu egin zuen Gandiagak, eta Astigarraga eroso ibili zen aurrean, tantoak ondo bukatuz. “Hortaz txapelketako nagusienak, Astigarragak 65 urtegaz, eta gazteenak, Gandiaga 40 urtegaz, lehen finala jokatuko dute elkarregaz, eta faboritoak dira erakusten ari diren jokoagatik”, adierazi dute antolatzaileek.
Lehia gehiago egon zen ondoren jokatu zen azkenaurrekoan. Partida tematu eta orekatua lehiatu zuten Berazak (Elgoibar) eta Telleriak (Mallabia) eta Praderak (Mallabia) eta Gandiaga I.k (Berriatua). Beraza eta Telleria atzetik joan ziren markagailuan 24rako berdinketara arte, hala ere, partidari buelta emateko gai izan ziren. “Pradera oso langile ibili zen eta defentsa ona erakutsi zuen hainbat pilota zail bueltaratuz. Maisutasunez bideratu zituen tantuak sarera, baina eskua ukituta zeukan eta azken unean ezin izan zion pilotari norabide egokia eman”, azaldu dute.
Gripearen ondorioz, EƱaut Gandiagak ezin izan zuela bere sasoi onena erakutsi gaineratu dute antolatzaileek, “baina ondo moldatu zen azken tantura arte”. Berazak tanto ederrak egin zituen aurrean, baina Telleria izan zen partidutik onena. “Atzean aginduz, pilota zuzen bideratuz eta moztutako ederrak hormarantz zuzenduz, laugarren txapela irabazteko pauso ederra eman du”.
Trukaketa. Azken urteetan egin duten modura, finalak heldu bitartean, Jaunarenaren herrira joango dira Beteranoen Txapelketako pilotariak Latasa edo Garzaroneko frontoian lagunarteko torneo bat jokatzera. Zapatuan [martxoak 9] izango dute norgehiagoka, horrez gain, Emakume raketistak pelikula ikusi eta inguruak ezagutuko dituztela azaldu dute. “Trinketeko txapelketaren bidez trukaketa kultural bat egiteko aukera daukagu Basaburua eta Lea-Artibai bailaren artean”.