500. urteurrena ospatzeko elkartu dira ispastertarrak
Udalerria sortu zutela gogora ekartzeko lehen ekitaldia izan da. Gernikako arbolaren kimu bat landatu dute.
Bost mende beteko dira Ispaster udalerri izendatu zutenetik. Alabaina, sorreraren jatorria ez dago argi eta hori jakin nahian ari da udala.
Alboko beste zenbait herri moduan, udalerri izan aurretik, Lekeitioren elizateetako bat zen Ispaster. Hori islatzen dute Lekeitio izeneko argitalpen batean Javier Enriquez Fernandez eta Enriqueta Sesmero Cutanda historialariek. Euren artikuluan jaso zutenez, 1519an, Ispaster, Mendexa, Amoroto eta Gizaburuaga herrien elizak parrokiak bihurtu ziren, “honek elizate horiek udalerri berjabetzat konfirmatuz”.
Hala ere, ez dute aurkitu data zehatza zein den. Zalantzak argitzeko asmoz, aipatu bi historialariak ikerketa sakona egiten ari dira, eta domekan ispastertarrekin egon ziren. 500. urteurrenaren ospakizunen barruko lehen ekitaldia egin zuten eguerdian. Era berean, urtean zehar Ispasterko historia, ohiturak, inguruak eta abar herritarren artean zabaldu asmoz beste ekintza batzuk egingo dituzte, eta ahalegin berezia egingo dute informazio historikoa emateko helburua betetzeko.
Meza ostean, kapilla parean batu ziren. Udalaren izenean, GarbiƱe Saenz de Buruaga alkateak eskerrak eman zizkieten bertaratutako herritarrei. Gernikako Arbolaren kimu bat landatu, eta agurra dantzatu zuten. Belaunaldi desberdinetako ispastertarrak elkartu ziren ekitaldian. Lehenak, orainak eta etorkizunak bat egin zuten. Izan zirenak, direnak eta izango direnak gogoan, udalerriaren historiak batu zituen. Non dauden zein nora jo nahi duten jakiteko, nondik datozen jakin nahi dutelako.