Hiru taberna eta sei komertzio aurkeztu dira aurten, lehiaketara, eta denen parte hartzea eskertu eta egindako lanaren maila handia azpimarratu du Jai Batzordeak.

Herriko taberna eta denden inauteri lehiaketako sariak banatu ditu gaur [martxoak 12] eguerdian Markina-Xemeingo Jai Batzordeak. Guztira, bost sari banatu dituzte, bi dendarien artean eta hiru lehiaketan parte hartu duten tabernen artean. Azaldu dutenez, tabernarien atalean ere bi sari ematekoak baziren ere, “ostalariek egindako ahalegina eskertu nahirik eta erakutsitako maila handia ikusita”, hiru sari banatu dituzte azkenean.
Aurtengo sari nagusiak Lea ileapaindegiak eta Sakris tabernak eraman dituzte. Lea Ileapaindegiaren “apainketa zaindua” eta Sakris tabernako “lagun taldearen inplikazioa” baloratu ditu epaimahaiak. Piraten ontzia bihurtu zuen Leak bere erakusleihoa, sare eta guzti; era guztietako pertsonaiak elkartu zituen zirkua bihurtu zuten, berriz, Sakris. Dendarien ataleko bigarren saria Nerea Arropa Dendak irabazi du, erakusleihoan jarritako Kabareta ideia “orijinala eta ausarta” iruditu zaio epaimahaiari. Tabernen ataleko bigarren eta hirugarren sariak, ostera, Zeharka eta Patxua tabernentzat izan dira, taberna apaingarri askogaz txukundu izana aintzat hartu dio epaimahaiak Zeharkari eta kalean egindako ekarpena azpimarratu diote Patxuari.
Hiru taberna eta sei komertzio aurkeztu dira aurten, lehiaketara, eta denen parte hartzea eskertu eta egindako lanaren maila handia azpimarratu du Eneko Arrate Sololuze Jai Batzordeko kideak. “Kaleak janzten dituzte eta beste kolore eta bizitasun bat ematen diote herriari eta jaiari eta hori eskertzekoa da”.
Inauteri domeka aurreko eguenetik zapatura egon behar zuten dendek apainduta, eta egun horietan ibili ziren epaimahaikoak merkatarien erakusleihoei begira. Tabernarien lana, berriz, domekan bertan aztertu zuten.