Lekeitioko San Andres auzokoek hobariak izango dituzte eraikinak berriztatzeko zergan
Eremu degradatuetan dauden eraikinen birgaitze-energetikoa eta irisgarritasuna hobetzeko lanen zergei hobaria aplikatzea erabaki du Lekeitioko Udalak.
Eremu Degradatuan dauden eraikinen aurrealdeen birgaitze obren gaineko zergari %60ko hobaria eta irisgarritasuna hobetzeko obren gaineko zergari %90ekoa ezartzea onartu zuen Lekeitioko Udalak joan den eguenean [martxoak 7] egindako osoko bilkuran. Orain arte alde zaharreko eraikinetako aurrekaldeen obrei soilik aplikatzen zitzaien hobari hori, baina eremu degradatuetan dauden eraikinen birgaitze-energetikoa eta irisgarritasuna hobetzeko lanen zergei ere aplikagarri izatea erabaki dute. Jakinarazi dutenez, gaur egun San Andres auzoa da Lekeition area degradatu modura izendatuta dagoen eremu bakarra.
“San Andres auzoa 1966 eta 1967 urteetan eraikitako bost bloke lerrokatuk osatzen dute. Eremua hasieratik amaitu gabe egon da, espazio publikoaren, kaleen eta sarbideen urbanizazioari dagokionez. Auzoak irisgarritasun falta, inguruarekiko konexio traketsa eta urbanizazio zaharkitua izan ditu arazo handienen artean. Hori dela eta, auzokideen urteetako eskariari erantzunez, San Andres auzoko espazio publikoaren hobekuntza orokorra posible egingo duen urbanizazio obren lanak martxan dira”, azaldu du udalak.
2017ko ekainaren 8ko osoko bilkuran hartu zuten San Andres auzoa lehentasunezko eskuhartze gunea edo eremu degradatua izendatzeko prozesuari hasiera emateko erabakia, eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak 2018ko otsailaren 26an deklaratu zuen eremu degradatu. “Izendapen honek onura bikoitza dakar diru-laguntzak jasotzerako orduan: alde batetik, auzokideek etxebizitzetan edota eraikinetan egin beharreko hobekuntzetarako abantaila ekonomikoak izango dituzte, eta bestalde, udalak auzoa urbanizatzeko lanetan ere abantailak izango ditu”.
Gaur egun dagoen araudiaren arabera, etxebizitzetan bizigarritasun baldintzak eta eraginkortasun energetikoaren aldeko neurriak bete behar dira, hori dela eta, eremu degradatu izendatuta dagoen auzo horri ere hobariak ezartzea beharrezko ikusi dutela azaldu du udalak. Eraikinen aurrekaldeen eta teilatuen birgaitze energetikorako egokitzapen lanei ezarriko zaie hobaria, hain zuzen.
Bestalde, auzo osoari dagozkion elementuetan ere ez direla gutxieneko irisgarritasun baldintzak betetzen argitu dute, eta, beraz, irisgarritasun hori hobetzeko obren gaineko zergari ere hobaria aplikatzea erabaki dute.