Lea-Artibaiko bederatzi triatletak parte hartu zuten Euskal Herriko zirkuituko hirugarren proba puntuagarrian.
Eibar Triatloi Taldeak eta Gipuzkoa eta Euskadiko Triatloi Federazioak antolatuta, zapatuan [martxoak 9] Eibarko duatloiaren XXVIII. edizioa ospatu zen sprint distantzian (5km – 18km – 2,5km), Euskal Herriko zirkuituko hirugarren proba puntuagarria. Andrea Mediero Losada (01.01.45 ) Sestao Triatloi Taldekoa emakumezkoetan eta Joanes Goitisolo Otazua (00.51.22) Ascentium ArabaTri taldekoa gizonezkoetan izan ziren irabazleak.
Lea-Artibaiko bederatzi triatletak ere parte hartu zuten proban: Amandarri Triatloi Klubeko bostek eta Garraitz Kirol Taldeko lauk. Emaitza onak lortu zituzten kirolariek. Amandarri taldeko Itsaso Gangoitia Mazorriagak seigarren postua eskuratu zuen proba 1.10.18 denboran osatuta, eta Mikel Arrasate Larrea kadete mailako lehena izan zen. 56.2 denboran helmugaratu zen Arrasate. Gizonezkoetan, taldeka, bestalde, zazpigarren postua izan zen Amandarriko kirolarientzat.
Garraitz taldeko atleta gazteak ere aurrean ibili ziren. Aratz Aizpurua Gordillo (57.25) bigarrena izan zen junior mailan eta Igor Ruiz Baez (1.00.16) laugarren geratu zen.