Guztiak batera eskualdea eraldatzen jarraitzeko proposamena zabaldu du Lea-Artibaiko EH Bilduk
Eskualderako dituen egitasmoak azaldu eta herriz herriko hautagaiak aurkeztu ditu koalizioak Markina-Xemeinen egindako ekitaldian.
Lea-Artibaiko EH Bilduk eraldaketaren emaitzak eta elkarlanaren indarra plazaratu zituen atzo [martxoak 15] arratsaldean Markina-Xemeinen egindako ekitaldian. Orain dela 8 urte alderdia sortu zenetik indartzen eta eraldatzen aritu direla nabarmendu zuten. “Gure kudeaketa moduaren bidez politika egiteko beste modu bat erakutsi dugu. Herritarrekin batera egiten dugu lan, herritarren parte hartzea gure politikaren ardatz bihurtu dugu. Ez gara alderdi ezberdinen batura hutsa, proiektu bateratu bat gara, eta ipar orratz berak gidatzen gaitu”, adierazi zuten.
Eraldaketa horren adibide direla esan zuten, eskualdeko herriak eta mankomunitateak. “Gure izaera mantenduta hainbat eta hainbat urrats eman ditugu. EH Bilduk argi erakutsi du erakunde ezberdinak kudeatzeko gaitasuna badaukala. 12 herrik osatutako eskualdea gara, eskualde berezia, bitxia, txikia, euskalduna, herri txikiez baina pertsona handiez osatua”. Eskualdearentzat ezinbestekoa dela esan zuten, elkarlanean, sintonia berean, aritzea. Elkarlan horren emaitzak eta eskualderako asmoak azaldu zituzten Rakel Elu eta Mikel Ansotegi Lea-Artibai Amankomunazgoko eta Lea Ibarra Mankomunitateko lehendakariek.
“EH Bildu eskualdeko hamabi herrietatik seitan egon da gobernatzen, eskualde honetan beti eduki du presentzia handia, eta ondo baino hobeto dakigu gobernatzea zer den, ondo gobernatzea zer den eta denen tzat gobernatzen”, adierazi zuen Eluk.
Lehendakari biak eta euren ondokoak, mankomunitate bietan, politika aurrerakoi eta ezkertiarrak bultzatzen saiatu direla azaldu zuen Mikel Ansotegik, “eta harro esan dezakegu neurri handi baten lortu ere egin dugula”. Azken lau urteetan gizarte zerbitzuak garatu, inbertsioa sendotu eta hainbat zerbitzu berri sortu dituztela gogora ekarri zuen. “Zabor bilketa sistema ere egokitu egin dugu, mankomunitate bietan, Bizkaiko eskualde bakarra gara organiko osoa batzen dugunak, eta Bizkaiko birziklapen tasa handienak lortu ditugu. Horrez gain 5.000 gazte baino gehiago gabaz mugitzen dituen garraio propioa ere garatu dugu, eta horrenbeste entzun edo ikusten ez diren beste hainbat eta hainbat ekimen aurrera eraman ditugu mankomunitate bietatik”.
Lea-Artibai lasai bizitzeko leku ezin hobea den arren, bizi kalitatea hobetzen jarraitu eta atzerantz ez egiteko ezinbesteko neurriak hartu beharra ere azpimarratu zuen Eluk, “eskualdeak daukan identitatea galdu barik”. Lehen sektore indartsu baten beharra, bigarren sektorearen dibertsifikazioaren premia, denda txiki eta tokian tokiko merkataritzari bultzada eman beharra, eskualde estrategia daukan turismo politika sustatzea, azpiegiturak eta garraio publikoa hobetzea, ongizatea bermatzea eta indarkeria matxistari aurre egiten jarraitzea aitatu zituzten besteak beste.
“Lea-Artibai eskualdeak lehen sektore indartsu bat behar du, lan aukera duinak emango dituena. horretarako bertoko produktuak balorean jarri behar dira eta bertoko produktu eta ekoizleak eta kontsumitzaileak saretu behar ditugu, horrela, bertoko produktuen kontsumoa bultzatuko dugu”, azaldu zuen Ansotegik.
“Bigarren sektorearen dibertsifikazioaren premia ere badago. Automobilgintzagaz zerikusia daukaten enpresa handiak eta eurontzat beharrean dauden txikiak osatzen dute nagusiki gure eskualdeko ehun industriala. Krisiak kalte handiak eragin ditu sektorean, beraz premiazkoa ikusten dugu eskualdeko garapen ekonomiko mahai bat osatzea. Udalak, eragileak eta industriako enpresak batzen dituen mahaia, denok batera sektoreen dibertsifikazioan aurrerapausoak eman ahal izateko”, zehaztu zuen Eluk.
Herriz herri, komertzio txikien eta ostalarien aldeko neurriak hartu beharra nabarmendu zuten, “herriak bizirik nahi baditugu, tabernak eta dendak zabalik egotea ezinbestekoa da eta”. Eskualde estrategia daukan turismo politikaren aldeko apustua ere egiten du EH Bilduk, eta bide azpiegiturak zein garraio publikoa hobetu beharra ere oso presente daukatela esan zuten. “Eskualdeko herrien artean zein Bilbo eta eskualdeak batzen dituen bideak hobetu beharra dago: Markina-Xemeingo saihesbidea, Berriatuko saihesbidea, Aulestitik Markina-Xemeinerako bidea, Etxebarritik Elgoibarrera… oso egoera traketsean daude”.
Ongizatea bermatu eta zerbitzu ezberdinetan aurrerapausoak ematen jarraitu beharra ere nabarmendu zuten, eta indarkeria matxistari aurre egiten jarraitzea. “Hor gogor eta tinko ekin behar zaio, etorkizuneko belaunaldietan indar berezia egin behar da eta horretarako hezkuntza sareagaz batera eskualdeko hezkidetza proiektua indartzen jarraitu behar da, horrez gain indarkeria matxista jasaten duten emakumeei eman behar zaien arreta psikosozial, juridiko eta interbentzio psikosoziala indartu behar dira, beti ere jabekuntzaren ikuspuntutik”.
Hori guztiori aurrera eramateko elkartuta egon behar dela azpimarratu zuten. “Hamabi herri txikiok elkar behar dugu aurrera egiteko, eta orduan izango gara indartsuak. Hor dago gure indargunea, gure txikitasunean badakigula elkartuta askoz ere gehiago egingo dugula”.
Herriz herriko zein eskualderako “asmo handiak” dituztela azaldu zuen EH Bilduk, eta asmo horiek aurrera eramateko, “konpromiso handiko pertsona beharginez osatutako talde onak” dituztela esan zuten Markina-Xemein, Ziortza-Bolibar, Etxebarria, Berriatua, Munitibar, Aulesti, Lekeitio eta Ondarroako hautagaiak oholtzara igotzen ziren bitartean.
Txikitik handira. Herrietako zerrendaburuez gain, Bea Ilardia EH Bildu Bizkaiko Batzar Nagusietako hautagaiak Lea-Artibai eskualdeak Bizkaian eta Bizkaiak Euskal Herrian daukan lekua eta proiektuez jardun zuen. Lea-Artibaiko EH Bilduren jarduna “lana, lana eta lana” izan dela esan zuen. “Hemen egin duzuen lan itzela ikusterakoan oso harro sentitzen gara. Egin duzuenak talde izaera handitu eta indartu egiten du eta hurrengo hilabeteetan horri eutsi beharko diogu”.
Txikitik handira egiten duen politikan oinarritu behar dela EH Bildu azaldu zuen Ilardiak, jendearen beharrizan zehatzei erantzunez”. Bestalde, datozen hauteskundeen garrantzia azpimarratu zuen, bai eta Espainiako kongresu eta senaturako hauteskundeetan ere. “Apirileko hauteskundeetan zaurituta gelditzen den alderdiak bi astetan egoerari buelta ematerik ez du izango”. Eta beraz, denen babesa beharrezkoa dela nabarmendu zuen Bizkaiko Batzar Nagusietako hautagaiak.