Badator Markina-Xemeingo III. Kros Mistoa
5 kilometro pasatxoko ibilbidea egin beharko dute bikoteek. Domekan [martxoak 24] 12:00etan hasiko da lasterketa Zelaiaren beheko partean.
Kirola sustatu eta emakumeak kirola egitera animatu asmoz, Kros Mistoa antolatu dute aurten ere, Markina-Xemeingo Atletismo Taldeak eta Kirol Batzordeak. Kirol proba domekan [martxoak 24] izango da, eta aurreko urteetan bezala 5 kilometro pasatxoko ibilbidea egin beharko dute parte hartzaileek.
Aurten ere Zelaitik irtengo dira bikoteak, 12:00etan; Zelaiaren beheko partean egongo da irteera eta helmuga, eta antolatzaileek azaldu dutenez, bikoteak batera irten eta sartu beharko dira. Hau da, bikotea batera heldu beharko da helmugara.
Ibilbideak ez du aldaketarik edukiko. Zelaiari buelta bat emanda hasiko dute lasterketa korrikalariek eta San Agustik kaletik Xemeinera abiatuko dira, handik Arretxinagako bidea hartuko dute, eta Barroetaraino joango dira. Zubia zeharkatu eta aurrerantz jarraitu ondoren, Beko Benta kaletik bide gorrirantz hartuko dute Atxondo kiroldegiraino. Aldaola kaletik jarraituko dute aringa-aringa Ituarte aurreko olibondoraino, eta handik Arretxinagara abiatuko dira berriz, eta zuhaitz arteko bide gorritik igarota, Lea-Artibai Ikastetxearen erreka ondoko bidea hartuko dute Uhagon pareraino. Uhagonetik Zelairako azken metroak eginda sartuko dira helmugan bikoteak.
Izen ematea. Bikoteek herrikrosa webgunean eman dezakete izena jada, edo baita egunean bertan ere, proba hasi baino ordu erdi lehenago. Lasterketan parte hartzeko 5 euro ordaindu behar dira bikoteko; dortsala jasotzean ordaindu beharko dira.
Krosaren amaieran sariak banatuko dituzte antolatzaileek, lehen hiru bikote sailkatuek herriko produktuez osatutako oparia jasoko dute.
Gorantz. Hemeretzi bikotek parte hartu zuten Markina-Xemeinen lehiatu zen lehenengo Kros Mistoan, eta helmugara ailegatzen lehenengoak June Arbeo Sarriugarte iurretarra eta Txomin MaraƱon Gorospe durangarra izan ziren, biak Durangaldea Running taldeko korrikalariak. Iaz lehiatu zen II. Kros Mistoan, berriz, gorantz egin zuen parte hartzeak. Guztira 24 bikotek egin zuten aringa-aringa, eta Jon Illarramendi Errasti eta Aitziber Urkiola Zendoia Eibar Kirol Taldeko korrikalariak izan ziren lehenak Zelaiko helmugan.