Ekainean hasiko dira Lekeitioko Musika Eskola egokitzeko lanak
Erdiko solairuko gelak banatu eta komunak eta sarrera egokitu nahi dituzte iriste erraztasuna bermatzeko.
Lekeitioko Musika Eskolak bere beharrak bete ahal izateko beharrezkoak dituen egokitze lanekin jarraituko du aurten Udalak Eliz Atea kalean dagoen udal eraikinean. Aurrekotuen zati handi bat gorde dute Musika Eskola eta Gaztegunea dauden eraikin horren egokitzapenerako.
Aurreikusita dituzten lanen artean eraikinaren erdiko solairuko gelen banaketa dago. Banaketa horregaz irakasle eta ikasleentzako gune berriak sortu nahi dituzte. Gainera, komunak egokituko ditu udalak, iriste erraztasuna bermatzeko, eta larrialdietarako eskailera jarriko dute segurtasuna ziurtatzeko. Horrez gain, beheko solairuan, sarreran hain zuzen, egokitzapen lanak egingo dituztela jakitera eman du udalak, “kasu horretan ere iriste erraztasuna hobetzea izango da helburua”.
Eskolak amaitutakoan egin nahi dituzte obrak, ekainean, uztailean, abuztuan eta irailean. Obrak burutzeko 10 asteko epea egongo dela jakinarazi dute. “Ekainaren 4tik irailaren 6ra egitea aurreikusten da”. Lanen aurrekontua 128.172,92 eurokoa izango da. Obren lizitazioa argitaratu dute.