Hezkuntza publikoan diharduten Lea-Artibaiko herritar batzuk LABen alde bozkatzeko eskatu dute
Lea-Artibaiko 30 irakasle eta hezitzailek Euskal Eskola Publiko komunitarioa aldarrikatu eta martxoaren 26an egingo diren hauteskunde sindikaletan LABen alde bozkatzeko eskatu dute.
Martxoaren 26an hezkuntza alorrean hauteskunde sindikalak egingo direla eta, Euskal Eskola Publiko komunitarioa iruten lelopean batu dira lehen aldiz Lea-Artibaiko 30 bat herritar; hezkuntza publikoan diharduten eta Lea-Artibain bizi diren herritarrak izan dira batu direnak. “Egungo eskolen garrantzia estrategikoa” aldarrikatu eta Lea-Artibai mailan antolatu eta saretzeko beharra azpimarratu dute. Aldarrikapena egiteaz batera, hilaren 26an LABen alde bozkatzeko dei egin dute.
“Belaunaldi berriak balore aurrerakoietan eta euskalduntasunean hezteko, errealitate berriei erantzun berriak eman beharrean gaude”. Horretarako, hezkuntzako eskuduntza osoa Euskal Herrian egotearen alde borrokatuko dutela gaineratu dute.
Kalitatezko enplegua edukitzea behar beharrezkoa dela ere esan dute. Ondorioz, “ordezkoen kontsolidazio bide egokia topatu arte” eremu publikoan dauden hezitzaile eta irakasleen behin behinekotasunari irtenbide egokia emateko administrazioari presioa egingo diotela diote.