Euskal zirkuituko duatloi bi jokatu dira asteburuan, bietan emaitza onekin itzuli dira etxera Amandarri Triatloi Taldeko kirolariak.
Asteburuan Euskal zirkuituaren barruan jokatu diren bi duatloietan parte hartu dute Lea-Artibaiko kirol taldeek. Duatloi biak taldeka izan dira, zapatuan [martxoak 16] Zornotzan jokatu zan Euskadiko Taldekako Duatloi Txapelketa eta domekan [martxoak 17] lehiatu zen Garaiko taldekako lehen duatloia. Bietan egon dira Lekeitioko Amandarri triatloi Taldeko eta Garraitz Kirol Taldeko kirolariak. Bigarren postuak eskuratu dituzte bietan, Amandarrikoek.
Lekeitioko Amandarri Triatloi Taldeko hiru taldek parte hartu zuten Zornotzako lehiaketan eta Zorion Kareaga Lakak, Aitor Regillaga Belokik, Alejandro Astaburuaga Ereagak eta Haritz Garate Txurrukak osatutako taldeak lortu zuen bigarren egitea. 53.48 denboragaz osatu zuten esprint distantzian (5km – 19km – 2,5km) jokatu zen Zornotzako taldekako erlojupeko bigarren duatloia. Emaitza horregaz Euskadiko azpitxapeldun izatea lortu du laukoteak. Amandarriko beste taldeak 8. eta 22. postuetan geratu ziren.
Garaiko taldekako lehen duatloian ere bigarren egitea lortu zuten Amandarrikoek. Taldeko partaide bakoitzak osatu beharrezko lana hurrengoa izan zen: 2km lasterketa lehen atalean, 8 km bizikletan eta kilometro bateko lasterketa amaitzeko. Asteburu borobila izan dutela adierazi dute Amandarrikoek. “Egiten ari garen lan onaren emaitzak jasotzen ari gara”. Mikel Arrasate Larreak, Alejandro Astaburuaga Ereñak eta Haritz Garate Txurrukak 1.21.27 denboran osatu zuten Garaiko erreleboen taldekako dualoia.
Bestalde, Garraitz Kirol Taldeko talde bakarra aurkeztu zen Zornotzako norgehiagokara, 1.09.04 denboran helmugaratu zen taldea, 35. postuan. Domekako proban, ostera, 5. postua lortu zuten Igor Ruiz Baezek, Aratz Aizpurua Gordillok eta Antxon Goitia Goitiak. 1.25.30 denboran amaitu zuten duatloia.