Martxoaren 27tik 29ra egingo da ABIAN Debabarreneko Lanbide Heziketa Azoka, Eibarren
Azaldu dutenez, egitasmoaren helburu nagusiak dira kalitatezkoa den eta lan merkatuaren beharretara egokitzen den lanbide heziketa gerturatzea eta izen ona lortzen laguntzea.
Erakusketa espazio bakar batean Debabarreneko Lanbide Heziketako zortzi ikastetxeetan eskaintzen diren heziketa ziklo eta prestakuntza ibilbide ezberdinak bildu eta erakutsiko dira; aurtengoa laugarren azoka izango da. Hurrengo ikastetxeek parte hartuko dute: Armeria Eskola, IMH Makina Erramintaren Institutua, Meka Lanbide Eskola, Kardala Akuakultura Eskola, Mutrikuko Institutua, Uni Eibar-Ermua, Eibarko Oinarrizko Lanbide Heziketarako Udal Institutua eta Ermua-Mallabiako Oinarrizko Lanbide Heziketarako Udal Institutua.
Eskualdeko hamahiru enpresa industrialek egin dute bat ekimenarekin, “Lanbide Heziketaren sustapenean euren konpromisoa eta lankidetza erakutsiz”. Ondokoak dira enpresa laguntzaileak: Alcorta, Bronymec, DanobatGroup, Egile, EPC, Grupo Unceta, Haizelur, HRE Hidraulic, IK4-Tekniker, Industrias Mail, MEK Group, Sitab eta Urkotronik.
Azokaren gaineko xehetasun guztiak gaur [martxoak 19] aurkeztu dituzte SD Eibarrek Ipuruan dituen instalazioetan egin den prentsaurrekoan. Bertan izan dira SD Eibar Fundazioko presidenteorde Mikel Larrañaga, Debabarreneko LHko ikastetxeetako ordezkariak eta Ermuko alkate eta Debegesako presidente Juan Carlos Abascal. Azken horrek eskerrak eman dizkie erakunde eta enpresa laguntzaileei, eskualdeko udal guztien izenean. “Enpresek bereziki eskatzen eta baloratzen dituzte Lanbide Heziketan tituludunak, eta lan merkatuan sartzeko aukerak gero eta handiagoak dira LHko ikasleentzat”.
Edozeinek bisitatu ahalko du azoka, doan. Ordutegiari dagokionez, 10:00etatik 14:30era zabalduko da, eta ostegunean arratsaldez ere irekita egongo da, 16:00etatik 18:30era
Heziketa ziklo “maskulinizatuetan” nesken parte hartzea sustatzearen alde ere hitz egin du Abascalek. “Espezialitate zientifiko-teknikoetan, esaterako, emakumeek oso presentzia txikia dute oraindik, eta, aldiz, laneratze maila altua duten ikasketak dira”.
Azokaren ordutegia. ABIAN azoka bisitatu nahi duten guztientzat sarrera irekia eta doakoa izango da. Ordutegiari dagokionean, 10:00etatik 14:30era zabalduko da, eta ostegunean arratsaldez ere irekita egongo da, 16:00etatik 18:30era. Erakusketa guneaz gain, ABIAN azokak hitzaldiak eta doako tailerrak ere eskainiko ditu.