II. Dzanga Kayak Surf Txapelketa lehiatuko dute domekan, Karraspion
Euskal Ligaren lehen proba hartuko du Mendexako Karraspio hondartzak. Surflariak 10:00etan hasiko dira lanean, eta sari banaketa ekitaldia 18:00ak aldera egingo dutela jakitera eman dute Lekeitioko Dzanga Piragua Taldeko arduradunek.
Euskadiko Kopa Lea-Artibain hasiko da. Zehatz esateko, Dzanga Kayak Surf Txapelketa izango da koparen lehen proba. Olatu aurreikuspenak onak direnez, domekan (martxoak 24) lehiatuko dute kayak surf txapelketa, Mendexako Karraspio hondartzan.
Euskadiko Kopa bospaseik probak osatzen dute, eta Ainhoa Tolosa Lekeitioko Dzanga Piragua Taldeko kidearen berbetan, “gero eta gaztetxo gehiago” ari dira kayak surfean: “Aurten, gainera, txapelketek garrantzi berezia daukate. Izan ere, uztailean Munduko Txapelketa jokatuko da Perun, eta bertarako euskal selekzioa osatzen hasi behar dugu”.
Ordutegiak guztiz zehaztu gabe badituzte ere, 10:00ak aldera hasiko dute txapelketa, eta 18:00ak arte irautea aurreikusi dute.
Junior, Open, emakumezkoak, master eta gran master kategorietako txapelketa da. “Openean denek parte hartu dezakete. Masterra 40 urtetik gorakoen kategoria da, eta grand masterra 50 urtetik gorakoena da”, azaldu du Tolosak.
Astelehenean itxi zuten izen ematea, eta 40-50 surflarik parte hartuko dutela zehaztu du Tolosak. Horien artean, gehienak bizkaitarrak eta gipuzkoarrak izango dira. Esate baterako, Lekeitioko, Mundakako, Bakioko, Barrikako eta Donostiako taldeetako kideak batuko dira Karraspion.
Lanak amaituta, 18:00ak aldera hasiko dute sari banaketa ekitaldia. Kategoria bakoitzeko lehen hirurek jasoko dituzte dominak.
Jarraipena ematen. Dzanga Kayak Surf Txapelketa bigarrenez egingo dute aurten; orain dela hiruzpalau urte antolatu zuten lehenengoz. Beraz, jarraipena emateko asmoarekin erabaki zuten txapelketa egitea.