Koba nagusitu da Aulestiko Zaldi Mando Proben Txapelketan
Aulestiarrak 77 untza eta 4,37m-ko markagaz irabazi du. Bigarren sailkatua ere etxekoa izan da; 71 untza egin ditu Juan Uriartek.
2019ko Aulestiko Zaldi Mando Proben Txapelketak badauka irabazlea. Koba aulestiarra izan da txapelketako onena, 77 untza eta 4,37m-ko markagaz. Txapeldunak Aulestiko Udalaren manta, 800 euro eta Urdakik emandako urdaiazpikoa jaso ditu sari modura.
71 untza lortuta, Aulestiko Juan Uriarte geratu da txapeldunorde, eta Mungiako Goieta Taberna sailkatu da hirugarren postuan. Alde estua egon da bigarren eta hirugarren sailkatuen artean. Izan ere, 70 untza, 1/4 eta 3,18m-ko marka egin du hirugarrenak. Txapeldunordeak Urdakik emandako txakolin kaxa eta 700 euro irabazi ditu, eta hirugarren sailkatuak, 650 euro eta hiru txakolin botila.
Hiru egunetan lehiatu dute txapelketa. Domeka arratsaldean egin zuten lehen saioa, Guriezoko Fermin Santamariaren, eta Gamiz-Fikako Construcciones Torrontegiren eta Nabarniz Jatetxearen zaldiek. Santamaria izan zen hiruretan onena. 62 untza eta 3,69m-ko marka ezarri zuen, eta txapelketan laugarren geratu da. 62 untza egin zituen Nabarnizeko zaldiak, eta Fikakoak, ostera, 60 untza. Horiek, bosgarren eta seigarren sailkatu dira, hurrenez hurren.
Astelehen gauean, berriz, Etxebarriako Gindi, Aulestiko Juan Uriarte eta Guriezoko Javier PeƱaren zaldien arteko dema hartu zuen Aulestiko probalekuak. Hiruren artean nagusitu zen Uriarte. Etxebarriatarrak 56 untza eta 2,77m egin zituen, eta guriezotarrak, ostera, 42 untza egin zituen.
Atzo arratsaldean bukatu zuten txapelketa, Kobaren, Goieta Tabernaren eta Etxebarriako Adorrixa Anaien lehiagaz. Azken horrek 57 untza, 1/4 eta 5,90m egitea lortu zuen, eta txapelketan zazpigarren geratu da.
Eskualdeko sailkapena. Lea-Artibaiko lehen sailkatuak ere saritu dituzte. Kobak Ibetarrik emandako manta, 200 euro eta SagarmiƱak emandako txakolin kaxa eskuratu ditu. Uriartek 150 euro eta Urdakik emandako hiru txakolin botila jaso ditu, eta Adorrixa Anaiek 115 euro eta hiru txakolin botila.