Korrika Kulturalak ‘Oholtza’ performancea dakar Lekeitiora
Emanaldia barikuan izango da, 20:00etan, Ikusgarri zinema aretoan. Beñat Krolem artistak Jone Uria eta Jon Martin bertsolarien hitzekin irudiak osatuko ditu.
Beñat Krolem artistak 2015ean hasitako Oholtza proiektua Lekeitiora ailegatuko da barikuan [martxoak 22], Korrika Kulturalaren eskutik. Bat-bateko eskultura performancea bertsolariaren jardunari toki bat eskaintzen dion eraikuntza aldagaien multzoa da, mugikorra eta artikulagarria. Emanaldia 20:00etan izango da, Ikusgarri zinema aretoan.
Sortutako pieza-multzoak material edo lotze sistema desberdinez osatzen dira. Adibidez, beste pieza askoren artean, Krolem artistak sistema elektronikoa duten led argiztapen pieza batzuk sortu ditu, eta aginte baten bitartez argien kolorea, intentsitatea edota argi erritmoa kontrolatzen ditu.
Emanaldiaren unean bertan proiektatu, diseinatu eta muntatzen diren egiturak dira. Bertsolariak Jone Uria eta Jon Martin izango dira, eta haiek abesten duten unean bertan hitzekin sortzen duen bertsoaren pareko prozesuak dira artistak erabiliko dituenak.