150 tomate landara eta 294 letxuga landara banatu dituzte Ondarroako II. Konpost Egunean
Lea-Artibai Amankomunazgoak organikoa sailkatzeko materialik ez zuten herritarrei ere hori hartzeko aukera eman die, eta 53 herritar hurreratu direla esan dute.
Ondarroako Udalak eta Lea-Artibai Amankomunazgoak elkarlanean antolatutako II. Konpost Egunak arrakasta eduki du. 11:30ean hasi dira tomate eta letxuga landarak banatzen, eta hasiera baten herritarrak tantaka hurreratzen baziren ere, tarteka jende multzoa batzen zen Alamedako bazter baten ipinitako karpara. Guztira 150 tomate landara eta 294 letxuga landara egon dira banatzeko, eta dena amaitu da. Hori bai, landarak baino garrantzi handiagoa eduki du lurrak. Izan ere, landarak zeraman lurra herritarrek egindako konposta zen. Modu horretara, udalak eta Amankomunazgoak herritarrei hondakinak sailkatzearen onurak erakutsi nahi izan diete.
Azaldu dutenez, zazpi tona konpost sortu dira, eta horren zati bat da II. Konpost Egunean oparitutako landareekin eman dutena. Herritar batzuek, gainera, duela bi urte egindako I. Konpost Egunean etxera eramandako landareagaz edukitako esperientzia ere kontatu diote besteei. Eta nola ez, bi urte atzerago egin modura, aurten ere landare bategaz joan dira etxera.
Ekintza aprobetxatuz, Amankomunazgoak oraindik hondakinak sailkatzeko materiala ez duten herritarrei ere hori jasotzeko aukera eman nahi izan die; Alamedan aparteko karpa baten egon dira horiek banatzen. Azaldu dutenez, oraindik 800 bat ondarrutar dira organikoa sailkatzen ez dutenak. Amankomunazgoko ordezkariak harrituta geratu dira herritarren erantzunagaz. “Uste genuena baino jende gehiago etorri da. 30 kubo ekarri ditugu, eta motz geratu gara. Lankide bat gehiagoren bila joan behar izan da”. Guztira, 53 herritarrek jaso dute organikoa sailkatzeko materiala.