23 idi bikoteren dema hartuko dute Etxebarriko Pazkuetako Idi Probek
Master Cup-eko binakakoa irabazi berri duen Leire Etxaniz Bengoa herriko pilotaria omenduko dute sariketaren lehen probaren atarian.
Zazpi egunez luzatuko dira aurten Etxebarriko Pazkuetako Idi Probak. Zapatuan [martxoak 30] hasi eta apirilaren 8ra bitartean 23 idi bikote aterako dira Etxebarriko probalekura. 65. Sari Handia izango denak, inguruetako probalari handienak bilduko ditu oraingoan ere.
Etxebarriko dema ezaguna orain arte Pazko Astean lehiatu bada ere, data finkoa izango du hemendik aurrera: urtero, martxoaren azken astean eta apirilaren lehenengoan izango dira demak. “Aste Santuko datak mugitu egiten direnez, beste dema batzuekin bat ez egiteko zailtasunak izaten ditugu. Orain gainera, animalien ongizatea bermatzeko lege berria dago, eta animaliek atseden nahikoa hartzeko hamabost eguneko tartea egon behar da proba batetik bestera. Hori dela eta, data finko baten beharrean aurkitu gara”, azaldu du Jesus Iriondo Etxebarriko alkateak.
Probak barikuan edo zapatuan direnean 22:00etan hasiko dira norgehiagokak (martxoaren 30ean, apirilaren 5ean eta apirilaren 6an), astelehenetan, berriz, hasiera ordua 21:00etan izango da (apirilaren 1ean eta apirilaren 8an), eta domeketan, 18:00etan izango dute hitzordua proba zaleek (martxoaren 31n eta apirilaren 7an).
Omenaldia. Bestalde, herrian kirol ekitaldi bat egonda, Emakume Master Cup-eko binakakoa irabazi berri duen Leire Etxaniz Bengoa herriko pilotaria omenaldi bat egitea erabaki du udalak. Horrela, zapatuko [martxoak 30] saioa hasi orduko oroigarri bat emango diote Etxanizi, eta berak emango dio lehenengo probari irteera.
Idi proben egitaraua ondorengoa izango da:
- Martxoak 30, zapatua
22:00. Laski (Birle), Rafa Alegria (Bermeo) eta Olatzar (Lezo). - Martxoak 31, domeka
18:00. Kamiñoko (Murueta), Biritxinaga (Bakio) eta Zumeltzu (Zamudio). - Apirilak 1, astelehena
21:00. Zornotza anaiak (Zalla), Andrakas Sagardotegia (Lemoiz) eta Korta (Gabiria). - Apirilak 5, barikua
22:00. Txomin Renteria (Bakio), Patxi Irarreta (Renteria) eta Taberna Goieta (Mungia). - Apirilak 6, zapatua
22:00. Ipañarrieta (Urretxu), Zumeltzuondo (Zamudio) eta Eneko Artola (Oiartzun). - Apirilak 7, domeka
18:00. Mendigoitxi (Eibar), Zubibarri (Ziortza-Bolibar), Usaisti (Berriatua) eta Arene Jatetxea (Gernika-Lumo). - Apirilak 8, astelehena
21:00. Isidro Erretegia (Azkoitia), Iñaki Lopategi (Birle), Garagartza Elkartea (Laukiz) eta Motxo (Murueta).