Basque Talent 4.0 jardunaldia hartuko du barikuan Lea-Artibai Berrikuntza Zentroak
Jardunaldiak esperientziak elkartrukatzeko topagune izatea du helburu. Talentuaren kudeaketan lan egiten duten erakunde, ikastetxe eta erreferentziazko enpresak parte hartuko dute.
Leartiker Zentro Teknologikoak Basque Talent 4.0 jardunaldia hartuko du barikuan [martxoak 29] Markina-Xemeinen dagoen Lea-Artibai Berrikuntza Zentroan. Egitasmoan Bizkaia Talent, Mondragon Unibertsitatea, Euskal Herriko Unibertsitatea, Lea Artibai Ikastetxea eta Maier, Ekide, Cikautxo eta Orbea enpresetako giza baliabide eta talentuaren arduradunek parte hartuko dute.
Leartikerrek, Bizkaia Talent eta Lea Artibai Ikastetxearekin batera antolatutako ekimenak erakundeek aurre egin behar dioten talentuaren kudeaketaren erronkei buruz eztabaidatzeko topagune bat izan nahi duela azaldu dute. “Egun erabiltzen diren estrategia eta metodoak ezagutu… Azken finean, talentuaren inguruan esperientziak elkarbanatu eta eztabaidatzeko testuinguru perfektu bat”.
Jardunaldia. 09:30ean emango diote hasiera jardunaldiari, eta Isabel Mendiguren Lea Artibai Ikastetxeko zuzendaria izango da lehena hitz egiten, Lanbide Heziketaren gaur eguneko egoeraz mintzatuko dela aurreratu dute. Ondoren, Xabier Sancho Gasteizko EHUko Ingenieritza Eskolako zuzendariak hartuko du hitza unibertsitate eta enpresen arteko beharrezko loturaz aritzeko. Ingurunea eta estrategia izango ditu mintzagai, berriz, IƱigo Larrea Mondragon Unibertsitateko Talentu arduradunak, eta Ivan Jimenez Bizkaia Talent-eko zuzendaria talentuaren erakarpenaz arituko da.
Horiez gain, Bart Farrell talentuan espezializatutako Ameriketako Estatu Batuetako aholkulariak People Branding-ari buruzko ekarpena egingo duela jakitera eman dute, eta Olga de Miguel Orbeako Pertsonen arloko zuzendaria talentuaren konpromiso, garapen eta atxikimenduaz arituko da. Jardunaldia 13:00ak aldera amaituko dute Maier, Cikautxo, Ekide eta Orbea enpresek talentuaren inguruan izan dituzten esperientziak elkartrukatzeko egingo den mahai-inguruaren ostean.
“Talentua egun gizartearen arlo guztietan nabaria den iraultza bat da. Ezagutzak eta pertsonek bilakaera handia izango dute eta horregatik talentuaren erakartzea ezinbesteko jarduera bilakatu da, bereziki enpresa munduan”, diote antolatzaileek. Jardunaldian parte hartu nahi dutenek Leartikerren edota Lea Artibai Ikastetxearen webguneetan eman dezakete izena.