LED lanparak jartzera behartzen duen legerik ez dagoela ohartarazi du Kontsumobidek
Kontsumobide Kontsumoaren Euskal Institutuak jakin duenez, salmenta-jardunbide irregularrak egiten ari dira LED instalazioak saltzeko.
Lekeitioko Udalak jakitera eman duenez, Kontsumobide Kontsumoaren Euskal Institutuak LED instalazioak saltzeko, salmenta-jardunbide irregularrak egiten ari direla ohartarazi du. Enpresa baten izenean bisitak egiten dituzte etxeetara, eta bonbillen ordez LED lanparak jartzeko legezko ustezko betebeharraren berri ematen dutela azaldu dute, “enpresarekin kontratua sinatzeko helburugaz”. Kontsumobidek nabarmendu duenez, “ez dago bonbillarik aldatzeko ezelako legezko betebeharrik”.
“Antza denez, etxeak bisitatzen dituzten pertsonek jabeei etxeetan LED argiak instalatzera behar duen ustezko lege bat dagoela esaten diete, eta existitzen ez den dirulaguntza baten berri ere ematen dute; horrela, dei bat simulatzen dute, dirulaguntzarako eskubidea duzula egiaztatzeko”, azaldu dute.
Kontsumobidek zuhur jokatzea gomendatzen duela gaineratu dute, “erosi aurretik merkataritza-presioa saihestu, behar bezalako hausnarketa egin eta lasaitasunez irakurri gabe kontraturik ez sinatzea edo onartzea”. Eta ez dela datu pertsonalik edo banku-daturik eman behar ere gogora ekarri dute. “Iritzia aldatu eta kontratua deuseztatzeko eskubidea dago, atzera egiteko eskubidea”. 14 eguneko epea dago horretarako. “Kontratuarekin lotura duen finantzaketarik sinatu bada, hura ere deuseztatu egingo da, atzera egiteko eskubidea baliatzean”.
Eskubideak urratu direnean edo hala egin dela ulertzen denean, erreklamazioa aurkez daiteke Kontsumobiden, hurbilen dagoen KIUBean edo Kontsumobideren webgunean.