Ibilaldi Neurtua antolatu du Artibai Mendigoizale Taldeak apirilaren 7rako
Urtero modura, bi ibilbide egongo dira aukeran: 28 kilometroko luzea eta 14 kilometroko laburra.
Markina-Xemein inguruetan antolatzen duten 54. Ibilaldi Neurtua izango da aurtengoa. Oraingoan, Oiz-Mendibil parterantz jo dute, eta beraz, ingurune horiek ezagutzeko aukera edukiko dute parte hartzaileek.
Urtero modura, bi ibilbide prestatu dituzte. Luzeak 28 kilometro izango ditu eta 1670 metroko desnibel orokorra, gutxi gorebehera 6 ordu eta erdian egiteko modukoa dela aurreikusten dute antolatzaileek. Ibilbide motzak, berriz, 14 kilometro izango ditu eta 760 metroko desnibela, 3 ordu eta erdian egin daitekeela kalkulatu dute.
Bideak. Ibilbide luzea egingo dutenak 07:30ean dute irteera ordua Arkupean. Markina-Xemeingo Osasun Etxearen ondotik hasiko dute igoera Iturreta auzorantz. Iparragirre, Iturrixa eta Laitxutik igaroko dira Iturretara ailegatzeko, gero Mendibil muinoa igo (613m) eta Trabakurantz abiatuko dira. Oiz mendia (1.026m) igo aurretik ataseden hartzeko aukera edukiko dute Iturzuri aterpetxearen ondoan. Jakitera eman dutenez, bertan jarriko du Artibai Mendigoizale Taldeak lehen hornidura gunea.
Oiz mendia igota beherantz hasiko dute martxa. Kortaguren, Gontzugarai eta Zeinkeko bidea jarraituz Otaolara iritziko dira, handik Markina-Xemeingo herrigunera heltzeko. Bigarren hornidura gune bat ere edukiko dute heldu aurretik, Zeinken, hain zuzen ere. Bigarren hornidura gune horretan hartuko dute atseden bai eta ere ibilaldi motzeko mendizaleek.
09:00etan Markina-Xemeingo autobus geltokian elkartu eta Ziortza-Bolibarrera joango dira autobusez ibilbide motzeko parte hartzaileak, eta 10:00ak aldera izango da Ziortzatik irteera oinez. Garindua mendia (648m) izango dute lehen lana. Handik Gontzugaraira abiatuko dira ibilaldi luzeko partaideen bide beretik jarraitzeko: Zeinke, Otaola eta Markina-Xemeingo herrigunea.
Ibilbide osoan seinaleak jarrita egongo direla nabarmendu dute antolatzaileek, zinta zuri-gorriekin. Gainera, dutxa hartzeko aukera edukiko du nahi duenak, amaieran, herriko frontoian. Ibilaldien irteeran mapa banatuko dute antolatzaileek, hala ere, mapak Artibai Mendigoizale Taldearen orrian ikus daitezke. “Track-a nahi duenak helbide elektronikora idatzi dezake, eta bidaliko diogu”.
Izen ematea. 54. Ibilaldi Neurtuan parte hartzeko ez da ezer ordaindu behar, baina izena aldez aurretik ematea eskatu dute antolatzaileek. “Autobusa eta hornidurak prestatu ahal izateko”. Izena emateko lau aukera egongo dira. Alde batetik, amt@alpinoartibai.org.es helbide elektronikora idatzita; bestetik, 605 71 29 37 telefono zenbakira deitu edo WhatsApp-era mezua idatzita; hirugarren aukera Markina-Xemeingo Loirats mertzeriara joan eta izena ematea da; eta azkenik, eguaztenean 20:00etatik 21:00etara, Artibai Mendigoizale Taldearen lokalean izena ematea. Dena dela, azken orduan animatzen direnek irteerako mahaian izena emateko aukera ere edukiko dute.
Bestalde, bertoko produktuen zozketa egingo dute parte hartzaileen artean, amaieran jasoko dute zortedunek oparia.