Kontzertu bi egongo dira Buztarrin, Elizperock jaialdia aurkezteko
Ondarroako The New Age eta Markina-Xemeingo Iban Ibenian taldeek joko dute barikuan [martxoak 29]. Jaialdian parte hartuko duten taldeen berri ematen ari dira antolatzaileak, aurkezpen bideoen bidez.
Apirilaren 13an Etxebarrian ospatuko den Elizperock jaialdia berotzen hasteko, aurkezpen kontzertua egongo da barikuan [martxoak 29], 19:00etan hasi eta 21:00ak arte, Buztarri tabernaren aurrean. Apurka-apurka aurtengo jaialdian parte hartuko duten taldeen berri ematen ari dira antolatzaileak, iaz bezala, taldeek eurak egindako aurkezpen bideoen bidez. Horietako bik eskainiko dute barikuan kontzertu txikia: The New Age talde ondarrutarrak eta Iban Ibenian markina-xemeindarrak.
Asko dira Elizperocken egongo direla baieztatu duten eskualdeko taldeak. Izan ere, Lea-Artibaiko musika taldeen oholtza bihurtzeko asmoz jarri zuen abian jaialdia Etxebarriko lagun talde batek iaz, «eskualdeko eszena bultzatu asmoz», eta musika taldeen erantzuna «oso ona» izan dela azaldu dute.
Prestaketak amaitzen ari dira oraindik, hala ere, iazko formato bera mantenduko dutela aurreratu dute.