Zapatuan egingo dute XIII. Kalamura Igoera
Lasterketan parte hartu nahi duten korrikalariek oraindik ere aldez aurretik izena emateko aukera daukate. Egunean bertan ere izena eman ahalko da.
XIII. Kalamura Igoera egingo dute zapatu honetan (martxoak 30). Urtero moduan, lasterketa lehiatuko eta mendi martxa egingo dituzte. 5 kilometroko ibilbidea oinez egingo dutenak 09:15ean aterako dira Olaia aurretik, korrikalariek, ostera, 10:30ean dute irteera-ordua.
Igoera oinez egingo dutenek ez dute izena eman behar, baina, korrikalariek bai. Aldez aurretik izena eman gura dutenek, etxebarrikogazteasanblada@gmail.com posta elektronikora idatzi behar dute. Mezuan izen-abizenak eta udalerria zehaztu behar dira. Hala ere, zapatuan bertan izena eman ahalko dela zehaztu dute antolatzaileek.
Urtero legez, parte hartzaileek borondatea eman dezakete. Etxebarriko Gazte Asanbladaren ordezkariek gogora ekarri dute lortutako dirua herrian ekintzak antolatzera bideratzen dutela. “Momentuz 18 korrikalarik izena eman dute; iaz 16 korrikalarik egin zuten lasterketa”, azaldu dute asanbladako kideek. Eguraldia lagun izango dutela eta, jendea animatzea espero dute.
Iaz, Tontorrera heltzen lehenengo mutila Josu Uriarte markina-xemeindarra izan zen; 33 minutu eta 44 segundo behar izan zituen ibilbidea osatzeko. Elorrioko bi neskek parte hartu zuten igoeran, Inma Rafaelek eta Iratxe Arrizabalagak, eta biak batera igo ziren tontorrera; 49 minutu eta 48 segundotan osatu zuten ibilbidea.
Sariak. Amaitzean, pintxoak eta edariak izango dituzte parte hartzaileek Olaia parean, “indarrak berritzeko”. Halaber, lasterketako sari banaketa ere egingo dute. Nesketan zein mutiletan lehen sailkatuak saritzeaz gain, herriko lehenengoarentzat ere saria egongo dela jakitera eman dute. Hiru horiek eskualdeko produktuez betetako otzara bana jasoko dute.