Tarinek turuta tailerra egingo du astelehenean Berriatuan
Turutak San Gregorio jaietan Kaxero Gaupaseroren jaitsieran erabiltzen dituzte herritarrek. Astelehenean 17:45ean egingo dute tailerra, Tarinek Berriatuan daukan egoitzako 1. gelan.
Tarine udal musika eskolak turuta tailerra egingo du astelehenean [apirilak 1], 17:45ean. Ekintza 8 urtetik gorako herritarrei zuzenduta dagoela esan dute, eta ez da aldez aurretik izena eman behar. “Parte hartu nahi dutenek egunean bertan agertzea nahikoa dute”.
Tarinekoek San Gregorio jaietako lehenengo egunean egiten dute kalejira, turutekin; Kaxero Gaupaseroren jaitsieran parte hartzen dute. “Tailerra horren harira antolatu dugu. Baina ostera antzean ere turutak egin nahi dituztenak etorri ahal dira”, argitu dute. Hala, turuta berriak egin edota zaharrak konponduko dituztela esan dute.