Aulestiko Urregarai eskolako horma sormenez janzten
Lea Espazioak antolatutako Olgetan tailerrean parte hartzen diharduten aulestiarrek grafitia egin dute Urregarai eskolako horma baten (parkeko bidean dagoena).
Lea Espazioak antolatuta, Olgetan tailerra hilean behin edukitzen dute Aulestiko 6-12 urte bitarteko umeek. Tailerraren helburua umeen sormena modu librean lantzea da. Azaldu dutenez, aurten arte mugimendu ezberdinak ari dira lantzen. Hala, orain arte ondokoak landu izan dituzte: gyotaku teknika, surrealismoa, eskultura…
Joan den asteko eguaztenean (martxoak 27), baina, bestelako ekintza burutu zuten: Urregarai eskolako horma baten grafiti bat egin zuten. Eta egiteko horretarako, Txus Robleda grafitilariaren laguntza eduki zuten. Tailerraren oinarrizko helburuari jarraituz, parte hartzaileek sormena modu librean lantzeko aldarria irudira eraman nahi izan dute.