Leire Etxaniz pilotaria omendu dute Etxebarriko Pazkuetako Idi Proben hasieran
Pazkuetako idi proben lehen saio biak lehiatuta Muruetako Kamiñokok dauka momentuz marka onena 43 untza 2 metro eta 42 zentimetrogaz.
Emakume Master Cup-eko binakakoa irabazi berri duen Leire Etxaniz Bengoa herriko pilotaria omendu zuten zapatuan [martxoak 30] Etxebarrian. Pazkuetako Idi Proben lehen saoia hasi orduko eman zioten oroigarria udal arduradunek, herri osoaren izenean. Idoia Odriozola Kultur Zinegotziaren eskutik jaso zuen oparia Etxanizek, esker onez.
Bere eskutik jarri ziren abian 66. Sari handiko probak. Hiru idi bikotek parte hartu zuten lehen ekitaldian: Laskik (Birle), Rafa Alegriak (Bermeo) eta Olatzarrek (Lezo). Olatzarren idi bikotea izan zen lehenengoa probalekura irtetzen, 33 untza 3 metro eta 15 zentimetro osatu zituen. Rafa Alegriaren idi pareak 42 untza egin zituen, ondoren. Plazara irtetzen azkena izan zen Laskiren uztarriak egin zuen lanik onena zapatu gauean 42 untza eta laurden 4 metro eta 90 zentimetro eginez.
Atzo [martxoak 31] arratsaldean, idi proben bigarren saioa jokatu zuten Kamiñokok (Murueta), Biritxinagak (Bakio) eta Zumeltzuk (Zamudio). Kamiñokoren animaliek lortu zuten plaza gehien egitea: 43 untza 2 metro eta 42 zentimetro. Horrela, bera da momentuz, plazara irten diren sei uztarrietatik marka onena daukana. Biritxinagak 40 untza metro bat eta 25 zentimetro egin zituen, eta Zumeltzuk 33 untza metro bat eta 28 zentimetro.
Gaur [apirilak 1] gaueko 21:00etan jarrituko dute probek beste hiru uztarrigaz. Gaur goizean pisaketa eta zozketa egin ondoren, Zornotza anaien (Zalla) idi pareari suertatu zaio lehen irtetzea. 46 kiloko gainzama erabiliko du. Probalekura ateratzen bigarrena Andrakas sagardotegia (Lemoiz) izango da, eta 109 kiloko gainzama erantsi beharko diote harriari. Gabiriako Kortarena izango da plazaratuko den hirugarren eta azken idi parea, 25 kiloko gainzama erabiliko dute idiek. Gaurko hiru partaideak aurreko uztarriek eginiko lana gainditzen saiatuko dira.