Amallorainoko ibilaldi jostagarria eskaini du Auzotu ekimenak
Kultura eta aisialdia bat eginez, gaubela, ibilaldi, bertso eta kondairekin gozatzeko aukera eduki zuten ume, gazte eta helduek.
Giro eder, ingurune ikusgarri eta ibilaldi erabat entretenigarriagaz gozatzeko aukera eduki dute aurten Amallora egin den Auzotu ekimeneko parte hartzaileek. Guztira 140 lagun inguruk parte hartu zuten Markina-Xemeingo Udalak, Herri Biblioteka, Herribixi eta Amalloko Auzo Elkartearen laguntzagaz antolatutako kultur ekitaldian.
Gaubelagaz hasi zen ekimena zapatuan [martxoak 30], eta Herri Biblioteka bete-bete egin zuten bertan gaua igarotzera animatu ziren gaztetxo eta nagusiek. Jolas nahikoa egin zuten lo hartu aurretik, Altxorraren bila ere ibili ziren kanpokaldean linternen laguntzagaz. Gosaldu, berriz, Sagastigurenen egin zuten, Markinaldeko Merindadea batzen zen toki berean.
10:00etan elkartu ziren Goiko Portalean Gaubelako partaideek beste ibiltariekin Amallorantz abiatzeko. Hiru geldialdi egin zituzten bidean –Xemeinen, Barroetan eta Bauskainen–kondairak eta bertsoak entzuteko. Igor Idoeta Herri Bibliotekako arduradunak Euliski eta Lamien kondairak kontatu zituen, eta Nerea Ibarzabal Salegi bertsolariak bertso ederrekin girotu zuen irteera. “Herriak auzotu eta auzoak herriratzera” animatu zuen herriko bertsolariak.
Gipuzkoako Kemen Pertsona ezinduen kirol klubeko kideak ere parte hartu zuten ibilaldian, eta euren laguntzagaz, gurpildun aulkian dagoen herritar batek ere parte hartu ahal izan zuen ekimenean.
Ibilaldiagaz amaitzeko antzerki emanaldia eduki zuten Herribixiren eskutik. Magia ikuskizun dibertigarria eskaini zuen Bixik, karten laguntzagaz. 14:30ean itzuli ziren ibiltariak Amallotik herrigunera, autobusez.