36ko gerrari buruzko hitzaldiak antolatu dituzte Lekeition
Historia eta memoria lantzea du helburu Lekeitioko Udalak prestatutako hitzaldi sortak. Lau hizlarik landuko dute gaia.
Astelehenean [apirilak 1] 80 urte beteko dira 36ko gerra amaitu zenetik, eta efemeride hori aitzakiatzat hartuta, Lekeitioko Udalak hitzaldi sorta bat antolatu du historia eta memoria lotzeko asmoz. Lekeitio eta gerrarekin zerikusia duten gaiak jorratuko dira hitzaldietan.
Barikuan [apirilak 5] emango diete hitzaldiei hasiera. Iñaki Goiogana Sabino Arana Fundazioko artxibo teknikariak historia, memoria eta memoria historikoa kontzeptuak argitzen eta zehazten ahaleginduko dela jakitera eman dute, “zein den bakoitzaren eremua eta zein elkarren arteko lotura”. Hitzaldia 19:00etan izango da kultur etxeko Azkue aretoan.
Ondoren, Xabier Altzibar Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak euskal gerra kazetarien lana aztertuko du Lekeition gerran gertaturiko kontuak zelan azaldu ziren prentsan eta lekeitiar kazetarien lanak azpimarratuz. “36ko gerra hura euskaraz ere kontatu zen, eta kontatze lan horretan Lekeition gertaturikoak egunkarietan zabaldu ere bai. Bestalde, kazetaritzan lekeitiar batzuk jardun zuten orduan gerran eta aurretik ere”, azaldu du udalak.
Zapatuan. Hurrengo egunean jarraituko dute hitzaldiek Patxi Juaristi Larrinaga EHU-ko Bizkaiko Campuseko errektoreorde eta Soziologian doktorearen eta Mikel Aizpuru EHUko Historia Garaikideko irakasle eta Eusko Jaurlaritzako Ondare Zuzendariaren mintzaldiekin. 11:30ean hasiko da zapatuko [apirilak 6] saioa Juaristiren parte hartzeagaz. Soziologoak Lekeitioko frontearen gainean jardungo du. “1936ko irailaren azkenetan hurreratu zen gerra Lekeitiora, eta atzera ez aurrera gelditu zen Asterrikan, 1937ko apirilaren amaierara arte. Zazpi hilabete luze horietan frontea gure herritik dozena erdi kilometrora gelditu zen eta gertakizun honek, ezinbestean, bertoko bizimodua erabat aldatu zuen”.
Mikel Aizpuruk, berriz, 36ko gerran Euskal Herrian izan zen errepresioaren gainean hitz egingo du. “XX. mendeko gerren artean ezaugarri amankomunik bada, hori errepresioarena da, batez ere gudetan izan denean eredu totalitario bat ezartzearen aldeko bandoren bat. Euskal Herrian horixe gertatu zen eta, ondorioz, errepresio latza bizitzea tokatu zitzaien gure aurrekoei”.
Azaldu dutenez, berbaldi bakoitza 45 minutukoa izango da, eta hizlariei galderak egiteko aukera egogongo da amaieran. Bigarren hitzaldia ere Azkue aretoan izango da.