Jai eta Kultura Batzordeak antolatuko ditu Oizko San Kristobal jaiak
Herritarren iritzia jasotzeko inkestak banatu dituzte, eta apirilaren 14an herri batzarra egingo dute udaletxean.
Azken urteetan Oiz mendiko San Kristobal jaietan gero eta jende gutxiagok parte hartzen duela ikusita, jaien antolaketa Jai eta kultura batzordetik kudeatzea erabaki dute.
Txopitturri Guraso Elkartearekin adostuta hartu dute erabakia. Izan ere, azken urteetan elkarte horrek izan du antolaketaren ardura. Alabaina, Jai eta kultura batzordean herriko elkarte guztiak daude, tartean guraso elkartea.
Antolaketarako herritarren iritzia jasotzea ezinbestekoa dela iritzita, inkestatxo bat banatu dute. Inkestan egitarauan aldaketak egiteari buruz galdetu dute, eta horrez gain, herritarrek euren iritzia eman eta ekarpenak egiteko aukera dute.
Era berean, apirilaren 14an (domeka) herri batzarra egingo dute udal aretoan, 12:30ean. Jai eta Kultura batzordetik batzarrera hurreratzeko gonbidapena egin dute.