Markina-Xemeingo Udalak aste honetan amaitu nahi ditu aparkalekuko lanak
Lurpean ezartzen ari diren txorroen zirkuitua amaitzen ari dira beharginak.
Markina-Xemeingo Udalak aste honetan amaitu nahi ditu udaletxe osteko aparkalekuaren eraberritze lanak. Ur txorro batzuk jarriko dituzte erdigunean geldituko den Bizenta Mogel parkean, eta lan horiek eragin dute atzerapena.
Juanjo Txurruka Markina-Xemeingo alkateak azaldu duenez, jarlekuak ere jarriko dituzte, taldeka banatuta, eta udan egingo duten lurzoruaren inprimazioaren faltan, amaituta geratuko dira aparkaleku berria eta parkea.
Arbola ugari. Inguruaren ezaugarriak kontuan hartuta, ahalegin berezia egin du udalak parkeko arbolak aukeratzen ere, eta bakoitzaren kolorea izan dute kontuan. Horrela, haritz amerikarra, sekuoia, Libanoko ipurua, likidanbar, tulipa arbola handi loraduna eta hosto erorkorra eta hosto iraunkorra duten koniferoak jarri dituzte besteak beste, parkean, eta indimitreak Correos aurreko berdegunean. “Indimitreak lorea ematen dute, udazkenean gorri egoten dira. Ez da arbola handia izaten eta egun duten garaiera baino gehiago ez dute hartuko”.
Iturri bat ere jarri dute parkean, eta lurpeko txorroen zirkuitu bat prestatzen ari dira. Parkean dagoen etxola, berriz, argi eta uren zentrala dela argitu du alkateak. “Ibaibarreneta auzoaren aurreko aparkalekua ere konponduta dago, zuhaitzak kenduta aparkaleku handiagoak geratu dira”.
Bestalde, aparkalekuko farolak hurreegi daudela aditzera eman diote udalari herritar batzuk, eta aparkalekuan jarri dituzten kale argiak aparkalekua zein parkea argitzeko direla azaldu du Txurrukak, eta farolei babesak jarriko dietela gaineratu du.
Alkateak jakinarazi duenez, Bizenta Mogelen lanik ezagunena den Ipui Onac liburuko alegien zatiekin osatzen ari diren xafla prestatzen ari dira, eta hori ere ahal bezain laster jarriko dute parkean.