Bizkaia CUP 2019 Bizkaiko Txakolina sari nagusiaren finalaurrekoak jokoan, Munitibarren
Zapatuan 16:30ean hasiko dira, eta lehiatuko dituzten hiru mailetan Lea-Artibaiko pilotariak daude. Hain zuzen, Lea Ibarra Motrollo Pilota Elkarteko hiru bikote eta Markina-Xemeingo Esku Pilota Taldeko bikote bat ariko dira finalerako txartelaren lehian.
Munitibarko pilotalekuak Bizkaia CUP 2019 Bizkaiko Txakolina sari nagusiaren finalaurrekoak hartuko ditu zapatuan (apirilak 6), eta Lea-Artibaiko pilotariak ariko dira bertan finalerako txartelen borrokan. Hain zuzen, finalerdiak lehiatuko dituzten hiru mailetan daude Lea Ibarra Motrollo Pilota Elkartearen pilotariak, eta Markina-Xemeingo Esku Pilota Taldeko bikote batek ere jokatuko du (nagusiak A mailan). 16:30ean hasiko da pilota ikuskizuna, Munitibarko frontoian.
Denboraldiko bigarren buelta honetako txapelketan, ligaxka jokatu dute talde bizkaitarrek (denek denen kontra jokatu dute), eta datorren astean jokatuko dute finala.
Lea Ibarra Motrollokoek ordezkaritza handiena duenez, Bizkaiko federazioak finalerdiak Munitibarren jokatzea erabaki zuen. Hala, nagusien mailako hiru finalaurreko lehiatuko dituzte; lehenengo biak bigarren kategorikoak (B maila) dira, eta hirugarrena lehen katetorikoa (A maila). Bigarren kategoriko bi finalerdietan daude Lea Ibarra Motrolloko bikoteak, beraz, bi bikoteek irabaziz gero, finala euren artekoa izango da.
Lehen partiduan, Aimar Okamika gizaburuagarra eta Mikel Arkotxa etxebarritarra Etxebarriko Besagain taldeko bikotearen kontra ariko dira. Bigarren partiduan, Gorka Albizu munitibartarrak eta Asier Muruaga aulestiarrak osatuko dute Lea Ibarra Motrolloko taldea, eta Zornotzako Erdu taldeko bikotea izango dute aurrez aurre. Bi partiduak “gogorrak” izango direla aurreikusten dute etxekoek. “Esaterako, ligaxkako azken partiduan Okamikak eta Arkotxak Ibarrandoren eta Serranoren kontra jokatu zuten. Partidu luzea eta gogorra izan zen. Alde estua egon zen, eta azkenean, 22-20 irabazi genien”, azaldu dute Lea Ibarra Motrollokoek.
Nagusien gorengo kategorian, berriz, Asier Zugadi munitibartarra eta Unai Arrizabalaga gernikarra izango da etxeko bikotea, eta Markina-Xemeingo Esku Pilota Taldeko Kepa Albizuren eta Alain Pujanaren kontra jokatuko dute. “Azken hori lehia lehia polita izango da. Markina-Xemeingo taldekoak ondo ezagutzen ditugu. Albizu Munitibarko da; gogor ematen dio pilotari, eta Pujanak ere hutsegite oso gutxi egiten ditu. Ez dute ezer oparituko; garaipena eskuratzea ez da erraza izango”, adierazi dute Lea Ibarra Motrollo taldeko ordezkariek. Etxeko bikoteek txapelketan lan ona egiten dutela, eta helburua finalean sartzea izango dela gaineratu dute.
PARTIDUAK:
- Nagusiak B maila
- Nagusiak B maila
- Nagusiak A maila