Omenaldi bero bezain hunkigarria eskaini diote Imanol Oruemazaga Basetari Ondarroan
Imanol Oruemazaga Baseta zena gogoratzeko kontzertu berezia eskaini zuten zapatuan [apirilak 6] Kantaize eta Olatu kantu abesbatzek, Unanue Kamara Koralaketa Eskolaniako tipleek, Ondarroako Metal Taldeak eta Mikel Ansola organo eta piano jotzaileak lagunduta.
2017ko maiatzean zendu zen Imanol Oruemazaga Baseta, eta herritarrek eta herriko musikariek hark egindako guztia ez daukate ahazteko. Eta Oruemazaga kantuzalea eta musikazalea izanik, ezin zitekeen omanaldirik antolatu kantu eta musikarik barik. Hain zuzen ere, Oruemazagak herriko kantuzaletasunari eginiko ekarpen handia eta musikagintzaren alde egindako lana eskertu nahi izan zuten Ondarroako parrokian “bihotz-bihotzetik” egindako kantu omenaldi herrikoian.
Jende asko hurreratu zen Kantaizeren ekimenez antolatutako kontzertu omenaldia ikustera, eta parrokia txiki geratu zen; hainbat lagunek zutunik jarraitu behar izan zuten kontzertua.
Kontzertuan parte hartu zuten taldeek bat bestearen atzetik interpretazio bikaina eskaini zuten. Beren onena eman zuten oholtza gainean. Notaz nota, melodiaz melodia eta kantuz kantu kontzertua aurrera joan zen, eta bien bitartean, Oruemazagak musika munduan eduki zuen ibilbide emankorra eta luzea ekarri zuen gogora, modu oso berezian Martin Aranbarri ekitaldiko aurkezleak. Kantu bat eta bestearen tartean Oruemazagaren hainbat oroitzapen pertsonal, une kuttun eta bizipen bereziak gogoratu zituen Aranbarrik, argazkiekin lagunduta.
Ekitaldia borobiltzeko, kantuan ibili ziren ia 100 lagunek Mikel Laboaren Txoria txori abestu zuten. Kantariek ikusleak ere gonbidatu zituzten eurekin batera abestera, eta bat baino gehiagok hunkituta amaitu zuen kontzertua. Kontzertura gerturatu ziren ikusle guztiek zutunik eta txalo artean eskertu zuten omenaldiak eskainita emozio guztia.Â