252 errugbizale gazte batuko ditu Mutrikuko IV. Eskolarteko Topaketak
Mutrikuko Errugbi Eskolak laugarrenez antolatutako ikastetxeen arteko topaketan errugbia hurbilagotik ezagutzeko aukera ezin hobea izango dute eguazten [apirilak 10] goizean Mutriku, Ondarroa eta Debako LH 5 eta 6ko 252 ikasleek.
Mutrikuko Goizeko Izarra, Ondarroako Zaldupe, Txomin Agirre eta Zubi Zahar eta Debako Luzaro ikastetxeetako ikasleek parte hartuko dute topaketan, hain zuzen. Antolatzaileek iragarri dutenez, aurten, estreinako, hiru izango dira Ondarroatik parte hartuko duten ikastetxeak. “Aurten Mutrikuko San Migel ikastetxekoek ezin izan dute etorri, beste irteera bat dutelako. Euren ordez Zubi Zahar Herri Ikastolako eta Txomin Agirre ikastolako ikasleak gonbidatu ditugu”.
Gaineratu dutenez, ikastetxe bakoitzak kolore bateko kamiseta eramango dute soinean, bat bestearengandik bereizteko. Hala, Debakoek kamiseta urdina, Goizeko Izarrakoek gorria, Zaldupekoek berdea, Txomin Agirrekoek zuria eta Zubi Zaharrekoek kamiseta beltza soinean irtengo dute zelaigunera.
Topaketari dagokionez, 10:15etik hasita, eta futbol zelaia lautan banatuta, ordu laurden iraungo duten partidu motzak jokatuko dituzte bateko zein besteko ikastetxeetako ikasleez osatuko taldeek. Hamasei taldetan banatuta jokatuko dute. “Ikastetxe bereko taldeek ez dute bat bestearen aurka jokatuko, kasu batean izan ezik”. Ohi modura, rugby tag deritzon erara jokatuko dituzte partiduak.
12:30etan amaituko dute topaketa, eta ondoren, indarrak berreskuratu eta elkarren arteko harremanak sustatzeko, hirugarren denbora ospatuko dute futbol zelaian.