Arnaldo Otegik egoera politikoa aztertu du Ondarroan
Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak hitzaldia eman du gaur [apirilak 9], jendez bete-bete egon den Beikozini aretoan. Ekitaldia Rakel Elu Lea-Artibai Amankomunazgoko lehendakariak gidatu du, eta Otegi Eluk egindako galderei erantzuten aritu da.
Gaur eguneko gaiekin eta hauteskundeei lotutako hainbat gai atera dituzte mahaigainera: Euskal Herriaren egoera, Espainiak Euskal Herrian duen eragina, arazo nazionala, Herrialde Katalanak, ETAren desagerpena, hauteskundeak, munduaren egoera, ingurumena, krisi ekonomikoa, etorkizuneko erronkak… Otegik gai horiei buruz duen ikuspegia azaldu die Beikozinire bertaratu diren guztiei.
Solasaldiaren aurretik, EH Bilgunean herriko presoen senideekin ere batu da. Eta handik, herriko eta eskualdeko hainbat EH Bilduko kidek lagunduta, portura abiatu da herriko ekonomikoaren zutabeetako bat berta-bertatik ezagutzera. Besteak beste, Kalare Deuna kofradian egon da, eta bentako giroa ezagutu du, antxoa denboraldi bete-betean.