Lea Ibarra Motrolloko Zugadi eta Arrizabalaga Bizkaia Cup txapelketaren finalera sailkatu dira
Usansolon lehiatuko dute finala bertako bikotearen kontra, zapatu arratsaldean. Urionak ordezkatuko du Zugadi.
Munitibarko pilotalekuak Bizkaia CUP 2019 Bizkaiko Txakolina sari nagusiaren finalaurrekoak jokatu zituzten Munitibarko pilotalekuan, zapatu arratsaldean. Hiru mailetako finalerdiak izan ziren, eta hiru partiduetan ordezkaritza izan zuen Lea Ibarra Motrollo Pilota Elkarteak.
Alabaina, hiru bikoteetatik bakarrak lortu zuen finalerako txartela. Nagusiak A mailako finalerdia lehiatu zuen Zugadi-Arrizabalaga etxeko bikoteak, Markina-Xemeingo Esku Pilota Taldeko Albizuren eta Pujanaren kontra, eta 22-10 irabazi zieten Lea Ibarra Motrolloko pilotariek. Ondorioz, zapatu honetan lehiatuko dute finala Usansolon (18:30). Larrinaga-Sebastian Usansoloko taldearen bikotea garaitu beharko dute txapela eskuratzeko. Zugadik joaterik ez duenez, Gontzal Urionabarretxea Urionak ordezkatuko du finalean.
Finalaurrekoan aritu ziren lau pilotarien artean Zugadi nabarmendu zen; partiduko pilotari onena izan zen aurrelari munitibartarra. Besteen aldean egun oso ona eduki zuen, eta etxekoen aurrean erakustaldia eman zuen, eta “berak apurtu zuen partidua”.
Nagusien gorengo kategoriako final horren aurretik, Nagusiak B mailako bi finalaurreko lehiatu zituzten Munitibarren. Biak ala biak partidu “gogorrak eta parekotasun handikoak” izan zirela zehaztu dute etxeko klubaren ordezkariek.
Arratsaldeko lehen partiduan, 22-16 galdu zuten Lea Ibarra Motrolloko Okamikak eta Arkotxak Ibarrondo eta Serranoren kontra. Beraz, Etxebarriko Besagain taldeko bikoteak lortu zuen finalera sailkatzea. Partidu berdindua izan zen 15.tantora arte, baina, pelota aldaketa bat tarteko, hor apurtu zen partidua.
Jarraian, Albizu-Muruaga etxeko bikoteak Zornotzako Erdu taldeko Elorriaga-Urien bikotearen kontra jokatu zuen, eta azken horiek 22-19 nagusitu ziren. “Azken emaitzak erakusten duen modura, lehen partidua baino berdintsuagoa izan zen partidu hori. Azkenerako, nekeak edota fisikoak eragina eduki zuela esan daiteke. Zer edo zer esatearren, aldea hor nabaritu zen”, azaldu du Markel Okamika Lea Ibarra Motrollo Pilota Elkarteko presidenteak.
Klubeko pilotariek txapelketa ona egin dutela azpimarratu du Okanimak: “Denboraldi polita egin dute. Finalaurrekoen borroka horretara heltzeak zeozer esan nahi du. Nagusiak B mailako bi pilotari gazte mailan egon dira orain arte, aurretik gazte mailan egon dira, eta nagusien lehen urtean finalaren atarian geratzeak ondo aritu direla esan nahi du”.
Hala, hemendik aurrera ere ez dute etenik izango. Izan ere, udako jaietako txapelketa jokatu aurretik, Herriarteko Txapelketa eta Lau t’erdiko Txapelketa jokatzen ari dira Lea Ibarra Motrollo taldeko pilotariak.